Al Ayre Español
Zuzendaria: Eduardo Lopez Banzo.
Sopranoa: Maria Espada.
Egitaraua: Jose de Nebra eta Domenico Scarlattiren inguruan.
Lekua: Donostiako Santa Teresa komentua.
Eguna: abuztuak 29.
Umiltasunaren eta lan zorrotz baten fruitu emankorra den urrezko eztarria du Espada andereak. Ahots gardena, garbia, fina, lasaia, hitz jokoen solasaldia ahotsaren bitartez irudikatzen dakitenena. Jose de Nebra musikagile espainiarrari omenaldirik bikainena eskaini zion Al Ayre Español musika taldeak, Maria Espada izar buru aurkeztuz. Eduardo Lopez Banzoren ikerketek sari pozgarria izan dute argitaratu berri duten diskoan, garai bereko bi musikagile alderatuz eta beraien arteko urrats komunak azaleratuz. Bi herrialde, bi pentsaera; aldiz, musika tratatzeko lehengaietan antzeratze berdintsua proposatzen dute de Nebrak eta Scarlattik, barroko musikak islatzen dituen galde-erantzun jokoak zintasunez oinarrituz.
Lopez Banzo zuzendari-ikertzaileak Scarlattiren zenbait sonata eta fuga interpretatu zituen Jose de Nebraren kantaten artean, ongi pentsatutako eta txalotzeko egitarau logiko bat eratuz. Gutxitan antzematen dira serioski ideiatutako obra sorta zuzenak, ahots kantatak eta klabean gauzaturiko obrak bata bestearen jarraian entzuleak liluragarri zuzenduz. Espadaren kokotsa guztiz solte mantendu zen koloratura ziztrineko kalamitateko pasarteetan, horrela abiadura eta garbitasuna indartuz. Hasierako Llegad, llegad, creyentes edota bigarren atalean garatutako Alienta Fervorosa obrek indar eta bizitasun paregabean mantendu ziren, lehen biolinaren eta sopranoaren arteko nota gehituen pioak ameslari suertatuz. Lopez Banzok teklatuan erakutsitako Scarlattiren obretan neurriz kanpoko rubato larregi antzeman zen, jariakortasunari kalte eginez. Halere, Maria Espada sopranoa luxu handia izan da Musika Hamabostaldian. Ama maite Maria!
Donostiako 72. Musika Hamabostaldia. Kritika
Ama maite Maria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu