Vulk. 'Vulk ez da'

Altzairuzko eta hezurrezko mailukada

Diskoetxea: Montgri.

2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Bilboko laukotearen lan berria entzuteko irrikan nengoen, aspalditik bainekien euskara hutsez argitaratuko zela estreinakoz. Aurreko lanetan euskaraz abestutako doinuak berez nabarmendu ziren, 2018an plazaratutako Ground for Dogs diskoan bildutako Behiaren begirada kasurako; hortaz, barruak ikusminez eta jakin-minez betetzen ari zitzaizkidan. Iazko hondarretan entzuteko itxaropena izanagatik ere, 2022ra arte itxaron behar izan dut, hiru urteko geldialdiaren ondotik. Hizkuntza hautuaren berritasunaz gainera, hirugarren disko honek bigarren nobedade bat biltzen du: Jangitz Larrañagak —hori euskalduna— Javier Marco jatorrizko bateria jotzailea ordezkatu du. Hala, bi aldaketa azpimarragarri horietatik abiatuta hasten da Vulk ez da, motor baten burrunbak bultzatua.

Berako (Nafarroa) Atala estudioan jaso dute diskoa, zuzenean, —diskoarekin batera plazaratutako bideoklipak ere horrela grabatu dituzte—, Iñigo Irazoki teknikariaren gidaritzapean, eta, antza denez, Ibai Gogortza aholkulari aritu da. Taldearen arabera, «gida lana» egin du Borrokan eta Joseba Irazoki eta Lagunak bandetako gitarristak.

Diskoan hamar kantu biltzen dira, eta abestiok post-punk klasikotik edaten duen jario garaikidean harilkatzen dira. Oraintsu argitaratu duten Spotify zerrendari erreparatzea baino ez dago, bertan post-punk soinu klasikoak eta garaikideak nahasten baitira, angeluarrak eta oldarkorrak, hala nola The Stooges, Television, Gang of Four, Adolescents, Big Boys, Zarama, Jotakie, The EX, Fugazi, LCD Soundsystem eta Kaskezur. «Birusen hilabete hauetan gure lurralderik mugatuenean giltzapetu gara, eta bizilagunari arreta gehiago eskaini behar izan diogu eta modan dagoen Londresko bandan gutxiago pentsatu behar izan dugu», esan dute taldekideek lan honen erreferentzien harira.

Hartara, eta sarritan gertatu ohi den bezala, barrura begiratze horrek, norberaren gertuko erreferentzia eta ezaugarriei tinko euste horrek ahalbidetu du Vulken orain arteko disko tenkatu, arriskutsu, amorratu eta isolatuena. Finean, erreferentzia klasiko eta agerikoen itzaletik aldentzeko harrizko nahia haizatzen da, betiere, altzairuzko egitasmo propio bat gauzatzeko asmoz —Ground for Dogs diskoan jada antzematen zen gurari askatzaile hori—. Horiek horrela, burdin kateen haustura hori kantuen egitura eta sonoritateetan islatzen eta altxatzen da hamar garrodun erraldoi herdoildu baten gisara.

Tarte zaratatsuak, melodiak, erritmo aldaketak, ahots ahaltsuak, gitarra zirimola sotilak, baxu distortsionatuak, saxoak, mailukadak... Askotariko bitartekoak erabili dituzte bilbotarrek post-punketik urruntzeko, eta, era berean, euskaraz abestutako post-punk garaikide oldarkorra ereiteko, zeinak dagoeneko fruitu pozoitsua eman duen, inoizkorik mamitsuena, hagin eta matrailezurrak arrakalatzen dituena, krak egingo dizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.