HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'João'

Altxa dezagun aingura

Idazlea: Paloma Gonzalez Rubio. Itzultzailea: Aitor Arana. Argitaletxea: Ibaizabal.

2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Alandar sariketan XIX. edizioaren irabazlea, irakurlea bere burua aztertzera gonbidatzen du, automatizatutako hainbeste ekintzen artean maiz noraezean dabilen barkua dirudigulako, edo.

Narratzaileak bere buruari jarri dion zeregin nagusia João erretratatzea da, bereziki Joãok duen bizimoldea, zeinak, azken buruan, gure gizartearen antipodetan dagoen bizimoldea/bizi filosofia ordezkatzen duen.

Narratzailea Miguel da. Bere begietatik biziko ditugu narrazioko gertakariak, bere buru-bihotzetik jasoko ditugu hausnarketak. Miguel azalpenetan luzatzen den ahotsa da, hari nagusiari itzuri egiten diona etengabe, pertsonaien emozioak, keinuak eta interakzioak eskaintzen, lekuak eta denboraren iragateak markatzen.

Azken buruan Miguel kronikaria da, ia besterik gabe, Joãoren kontrapuntua egiten duena itsasoko eta lehorreko dikotomia errazago uler dezagun.

Joãok hizkuntza guztiak nahasirik hitz egiten zuen, azentu portugesarekin. João, barku batean jaioa, itsasoarekin lotuta betiko. João ez dugu zuzenean ezagutzen. Ezin ditugu bere pentsamenduak entzun, misterio bat da, zeharka baino ezagutuko ez duguna. João irakurlearen jakin minak eraiki behar duen bizimodu bat da, itsastarren mundua da. João, liburu honetan, idazleak proposatzen digun nortasunaren deseraikitzea gauzatzeko eredu lagungarria da.

Ama ere badu Joãok, Belem izenekoa. Belemen ahotik jasoko ditugu itsastarren topiko nagusiak, arrazoimenaren iturbegitik jariatutako baieztapen zurrunak eta, batik bat, lehortarren bizitza mespretxatzeko itsastarrek erabiltzen dituzten argudioak. Belem itsasoarena baita, jada atzerabiderik ez duen hautuaren emaitza.

Pertsonaien taldea osatzeko bi partaide gehiago ditugu, Miguelen ama, Carmen, eta Miguelen arreba, Ines.

Hasiera batean bigarren mailako aktoreak dirudite, baina, gainerako pertsonaiek bezalaxe, arketipo jakinen funtzioa betetzen dute.

Carmen Belemen kontrapuntua da, haren ispilu lehortarra. Seme alaben (familiaren) ardatz nagusia da eta, ekintzek aurrera egin ahala, lehortarren ikuspuntua zorrotzen defendatzen duena, gainera etorri zaien itsastarren bizimodu limurtzailearen aurrean. Carmenen defentsa jarduna irrazionala da, ordea, arrotz zaion itsasoko biztanleen aurrean, argudioak baino gehiago, estrategia erabiltzen duena.

Azkenik Ines dugu, nire ustetan gutxiegi landutako pertsonaia. Inesek bi munduen talkaren ondorioak jasaten dituen pertsonaia ahula da, maiteminak bizimodu ez itsasoko ez lehorreko batean jarriko duena, eta, ondorioz, amiltzera kondenatua dagoena.

Liburuan behin eta berriz errepikatzen zaigun metafora hona ekarrita, istorio honek eskaintzen diguna da paraleloan gauzatzen den bizitzeko molde itsastarra gurearekin kontrajartzea, kontrastean irakurleak bere burua lasta ahalik eta gehienaz aska dadin, izateko pertsona ahalik eta burujabeena, ahaztu gabe elkarrekin osatzen dugun sarea dela gure ondare preziatuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.