'Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari?'
Konpainia: Pabilloi 6ko konpainia gaztea. Egilea: Javier Liñera.Lekua: Bilboko Pabilloi 6 aretoa. Eguna: Maiatzak 17.Genero-bortizkeriari ekin dio Bilboko Pabilioi 6ko konpainia gazteak bere aurtengo antzezlanean, eta maiatzean izandako lehen euskarazko emanaldia ikusi dugu, aretoa polito beteta zegoela.
Argumentuak dioskunez, Ana Garcia bilbotarra hilik eta bortxatua agertu da Vinaroseko (Herrialde Katalanak) zabortegi batean. Bertan ematen zituen oporrak, eta koadrilako lagunek beren buruari galdetzen diote merezi ote duen auzia publiko egitea, biktimarekiko errespetua kontuan izanda. Beren buruari galdetzen diote ez ote den alferrik izango. Gazteen ikuspegitik, besterik gabe, gogoeta potoloetan sartzeko asmorik gabe.
Hortik aurrera, Javier Liñeraren testuak ez du batere sakontzen patriarkatuaren ondorio lazgarrietan, baina gutxienez orokortze baliagarria egiten du, azalduz emakumeen kontrako bortizkeria beste kolektibo babesgabe batzuek ere sufritzen dutela, eta antzezlanaren muinera era pertinentean ekarriz umeen eta homosexualen kontrako eraso sexistak.
Hori guztia, baina, dramaturgia baldintzatu baten pean etorri zaigu, horrelakoak izaten direlako antzezle gazteak benetako ikusleriaren aurrean trebatzeko sortzen diren emanaldiak. Antzezle berriek beren gorputz eta izpirituetan esperimentatzen ari diren teknika guztiak erakutsi nahi dizkigute —zuzeneko musika, dantzarako dohainak, makillaje deigarriak, jantzi-aldaketa ugariak, maskarak...—, baina, edozein nabarmenkeriaren gainetik, antzezle guztien gogo geldiezina eta dedikazioa nagusitu dira.
Dramaturgiari dagokionez, nahiko gainjarriak iruditu zaizkit hasierako aurkezpen pertsonalak, eta uste dut hasierako ariketa fisikoek itxura dinamiko zentzugabea ematen ziotela planteamenduari, pertsonaien esanak kontraste emankorrean jarri gabe. Ostera, une batetik aurrera, dentsitatea hartu du proposamenak, ordura artekoa mamitu izan balitz bezala; zabortegiko eszenarekin eta geroko manifestu antimatxistarekin heldu da emankizuna klimaxera.
Txaloak isiotu ditu puntu goren horrek, baina zuzendariari, zelanbait, aurrera jarraitzea otu zaio, antzezle gazteek beste teknika batzuen erakustaldia egin zezaten, eta azken luzapen horrek apur bat apaldu du lehen amaierako distira.