Victor Arrizabalaga
Lekua: Sancho el Sabio Fundazioa. Gasteiz. Noiz arte: abenduaren 31ra arte.
Memoria barik ez gara ezer. Memoria da identitatea —indibiduala eta kolektiboa- egozten diguna, eta hori gorde, bermatu, transmititzeko eta berrinterpretatzeko ezinbestekoak dira artxiboak. Eta artea. Euskal kulturari buruzko dokumentazioa biltzea, ordenatzea, zaintzea eta hedatzea da aurten 50 urte betetzen dituen Sancho el Sabio Fundazioaren zerizana, eta urteurrena ospatzeko asmoz antolatu ekintzen artean Victor Arrizabalaga (Mañaria, 1957) eskultorearen erakusketa berezia hartzen du Gasteizko egoitza berrian.
Margogintzan hasi arren, denborarekin hiru dimentsiorako jauzia egin zuen Arrizabalagak, betiere izaera koloretsu eta alaiko obra ironikoa eta jostalaria garatuz, euskal panorama artistikoan ohikoa ez den pop joerare barruan koka daitekeena. Giza figuraren trataeratik arkitektura labirintikoetaraino, ikono bihurtutako eguneroko objektuak eta poesia bisualarengandik hurbil dauden collageak lantzen ditu.
2012ko Beste liburu batzuk erakusketa mugarria izan zuen bere ibilbidean; euskal idazleekin elkarlanean, liburuari ezagutzaren testigu, gordeleku eta objektu desiragarri gisa gauzatu omenaldia izan zen hura. Modu pertinentean Sancho el Sabiok bildu lanak haren segida eta pauso logikoa dira.
Alfabetoak eta letrak determinatu dute Mendebaldeko kultura logozentrikoa; oraintsu liburu fisikoen heriotzaren aldarrikapenaren eta teknologia berriek agintzen duten etorkizun (agian ez ezinbestean idatziaren) atakan gaude, askoren ustez. Literaturaren eta arte plastikoaren arteko elkarreraginak askotarikoak eta etengabekoak izan dira historian. Oraingoan ere, Arrizabalagak letren errepublikaren inguruko ikuspegi propioa agertu gura izan du, hizkiak eta tipografiak abiapuntu harturik, oroimenaren geografia eskultoriko berezia aurrera eramateko. Digitalizazioaren eta laino birtualen garaiotan kultura idatziaren euskarriak omentzen dira erakusketan, baina artistak letren unibertso hutsetik haratago pauso bat eman eta ikus-entzuneko lengoaia askotarikoetan inspiratuz, plastika bisual eta ikoniko narratiboa garatzen du.
Batetik, thamasei lan polikromatu aurkezten dira, eskaileretan zein horman gora ihesi, horietako batzuk Bilbon jada aurkeztuak. Kultura herrikoiaren eta elitistaren elementuak uztartzen ditu eskultoreak. Hala, altzairuzko kaxak, maletak, liburuak kokatu ditu non-nahi; asko apalategietan aurkituko ditu bisitariak edo kontsulta egitera doanak, benetako liburuen artean, kristalen atzean eta hormetan gora.
Bestetik, eraikinaren klaustroan zortzi eskultura monumental multzo berri instalatu dira. Karga sinboliko nabarmeneko margotu bako altzairuzko letra beltzak eskulturaren esentzia tradizionalaren barruan eraikuntza konstruktiboak dira modu autonomoan, estruktura bolumetriko konplexuak, erakusketaren lanik erakargarrienak bihurtzeraino, eta artistaren lengoaia helduena erakusten dute. 22 collage eta inpresio digitalen kasuan, letren eta bestelako konbinazioen arabera sakontasun aipagarria lortzen du bi dimentsioko tasun horretan.
Erakusketa Begira-begira bederatzi metro luze diren kaxa kartoizkoekin gauzatu mosaiko monumentalarekin osatzen da, eraikinaren pareta baten kontra kokatua. Puzzle erraldoi bat bailitzan, kontsumo kulturaleko iruditeria aberatsak —ez dira falta onomatopeiak zein Superman, Che Guevara edo Velazquezen Meninak, eta antzeko ikono ospetsuak— konposizio konplexuko erliebe pop erakargarria osatzen dute.
Alabaina, eskultore legez ageri duen birtusismoare falta sumatzen zaio marrazkilari gisa; izan ere, eskultura polikromatu batzuetan koloreen konbinazio orekatu eta efektistak trazu zehatz eta errealistagoa eskatzen baitute, piezok erabat biribiltzeko.
Azkenik, aipatzekoak dira katalogo zaindurako preseski Bernardo Atxagak idatzi alfabeto poetikoak, Arrizabalagaren proposamena dotoreziaz janztera datozen ginga gozoak. Euskal memoria historikoa sailkatzea eta gordetzea helburu duen Sancho el Sabio Fundazioaren mende erdiko ibilbidea ospatzera datoz Arrizabalagaren ahots singularra eta artefaktu eskultoriko-literarioak, erakusketa egoki bezain interesekoan.