KRITIKA. Antzerkia

Alde Zaharreko erbestearen teoria

Alde Zaharreko maitaleak antzezlaneko aktoreak: Olatz Ganboa eta Mikel Losada. E. MORENO ESQUIBEL / ARRIAGA ANTZOKIA.
Agus Perez.
2016ko ekainaren 15a
00:00
Entzun

'Alde Zaharreko maitaleak', 'Erbeste' eta 'Lehergailuaren teoria'

Lekuak eta datak: Bilboko Arriaga antzokia (ekainak 7), Bilborock aretoa (ekainak 10) eta Fundicion aretoa (ekainak 11).

Astebeteko epean hiru proposamen labur programatu dira Bilbon euskal antzezle edo taldeek bultzatuta. Haietariko bi euskara hutsez izan dira eta bestean presentzia txikia eduki du.

Alde Zaharreko maitaleakArriaga antzokiko Gelatxoak egitarauan eman zen, ikusle asko bertaratuta. Patxo Telleriak idatzi eta zuzendutako antzerki-jostailu honetan Shakespeareren antzezlan batzuk maneiatzen dira —Hamlet, Uda gau bateko ametsa, Romeo eta Julieta…—, eta haietako eszena nagusiak eta pasarte ezagunak elkartu ditu gidoilariak komedia irudimentsu bat eratzeko. Batzuetan maitaleen ohea eta beste batzuetan Julietaren tumulua izan zitekeenak hartu du zentraltasun eszenikoa, eta haren inguruan mugitu dira Olatz Ganboa eta Mikel Losada, gaurko antzezleen kezkak irudikatzen eta Patxoren testuak Williamenekin tartekatzen. Bikote dramatiko indartsua sortu da bien artean, Losadak bere dohain guztiak jarri dituelako osotasunaren zerbitzura, eta Ganboa denak emanda ibili delako haren parean egoteko eta esku artean zeukanaz gozatzeko. Geuk ere sano gozatu dugu lanaren freskotasunarekin eta antzezle biek eman duten kalitatearekin.

Bigarren proposamena —Erbeste— jaio berri den BLV jaialdiaren egitarauan etorri da eta antzerkiaren eta performancearen artean kokatu daiteke. Bartzelonan errotutako Rakel Ezpeleta gasteiztarrak Erbeste Sustrai izen-abizenak hartu ditu aukera honetarako, eta artista gazteen ibilbide bakartia erakutsi digu. Simone Quartucci italiarra, Iñaki Rikarte euskal herritarra eta Neus Suñe katalana izan ditu zuzendari, eta hirurekin aztertu du identitatearen gaia. Gaiaren tratamenduak, ordea, zerikusi estuegia eduki du bere ibilbide pertsonalarekin, eta emanaldian zehar ez da inoiz ere irten ni, ni eta neurea delako eskema ezin antzuagotik, antzezlearen hautu pertsonalak denen interesekoak balira bezala eta haietatik etorritako ondorioetan bere buruarekiko gupida ariketak eginez. Planteamendu horren bidez argi utzi digu profesionalki landu dituela edertasun pertsonala, kantu lirikoa, dantza, akrobazia, deklamazioa eta hizkuntzak. Hala ere, euskarak rol anekdotikoa jokatu du, frantsesak, ingelesak eta katalanak bezala, eta emanaldia bere burua promozionatzeko erakustalditik hurbil ibili da, oinarrizko gaiaren hutsaltasuna lagun.

Arriaga antzokiko Gelatxoak egitarauaren barruan estreinatu zen Horman Poster kolektiboaren Lehergailuaren teoria ere, eta horrek azaldu dezake emanaldi honetara jende gutxi hurbildu izana. Taldearen aurreko beste lanetan bezala —Iragan perfektua eta Magia sinpatikoa—, performancearen alorrean kokatzen da oraingo lan hau ere bete-betean, eta esan dezakegu jadanik finkatuta geratu dela Matxalen de Pedro eta Igor de Quadrak osatutako bikote artistikoaren estiloa: soiltasun eszenikoa, antzezpen zapal-zapalak, erritmo geldoa eta munduari buruzko nahiz alderdi estetikoei buruzko gogoeta eszenikoak. Kasu honetarako, bi zatitan banatu dute ikusleria, erdialdeko pantailan ikusleen erdiek Matxalenek idatzitako gogoetak eta beste erdiek Igorrek idatzitakoak irakur zitzaten. Horren harira plazaratu dituzte gai interesgarri batzuk, hala nola informazioak emandako boterea eta informazioen araberako portaera ezberdinak. Ordea, pertsonalegia eta nahasia egin zait proposamena, aurrekoetan bezala, eta are gehiago Hitchcocken psikodrama usatuak auzian nahastu izana, batez ere kontuan izanda ezin dudala zinemagile horren filmen agerikotasuna jasan eta are gutxiago konprenitu berari askok dioten miresmena. Zer egingo diogu, bada. Ez naiz ni zineman aditua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.