Diskoetxea: Autoekoizpena.
Kantautore gisara bost disko argitaratu ondotik, ezohiko esperimentu bati ekin zion Andoni Tolosa Morau-k orain bi urte pasatxo Arrainentzako himnoak bloga ireki zuenean. Ordura arteko lan egiteko modua errotik aldatuz, erabaki zuen aurrerantzean, entzuleei kantuen bertsio behin betikoa soilik eskaini beharrean, nahiago zuela sortze prozesuaren berri ematea, musikariaren lan moldeari fidelago izateko era delakoan. Izan ere, Moraurentzat abestiak ez dira ukiezin bihurtzen behin sortu ondoren, erabat kontrara baizik: etengabe ari dira eraikitzen. Eta nahiago izan du aldamioak bistan jartzea, horrek dakartzan arrisku guztiekin —musikagintzan, eta gainontzeko arteetan oro har, ez baita samurra aldamioak kentzeko tenorea noiz den jakitea; are, sarri, amaitutako obratzat saltzen direnak ez baitira kostata etsi duen artistaren aldamio abandonatuak besterik—. Iruzur txiki horretaz jakitun, Morauk disko batean bildu ditu blogean jarritakoen azken bertsioak, hasieratik aitortuta kantu horien ibilbidea ez dela diskoan amaitzen, oraindik ere —zuzenekoetan, entseguetan eta abarretan— eboluzionatzen jarraituko dutela. Egindako ibilbidearen argazki eguneratua da, beraz, lerrootan hizpide dena.
Gisa horretako prozesu gardenaren ondoren abestiak barneratzeko sobera denbora izan ohi denez, diskoaren mailak ez du entzule hau sorpresaz hartu. Haren aurreko lanen ezaugarri asko errepikatzen dira oraingoan ere: ahots eta gitarra hutsean grabatutako kantu folkieak, soinu akustikodunak, soberakinik gabeak, umore fineko hitzez osatuak, beste behin ere Billy Bragg edota Woody Guthrieren oihartzunak dakartzatenak. Guztira hamasei pieza dira, Beñardo Goietxerekin batera landuak, uzta propioko hamalau eta bi cover —Enarak taldearen Ama eta The Smithsen There Is a Light That Never Goes Out ezagunaren euskarazko bertsioa—. Bereak zein besteek eginak izan, borobil askoak dira guztiak ere.
«Kantu txikiak egingo ditut patrikan gordetzekoak» esanda bere asmo xumeen berri emanez hasten bada ere, uste baino handixeagoa atera zaio emaitza azkenerako. Nabarmentzekoak dira, seguru asko Gipuzkoan azkenaldian bizi izan diren bi aferarik gordinei buruzko abestiak. Bata, Zabortegi intergalaktikoa, ez soilik zaborren gaiaz ironiaz aritzeko moduagatik —zabor poltsan dagoen El Diario Vasco aleaz hitz egiten du, unibertsoaren infinitutik begiratuta-, baita melodien joskera ederragatik ere. Eta berdin da ederra Hondarribia 2012 ere, errepikan goia jotzen duelarik —«Ez atera plastiko beltzetik, bihotza hautsiko dizute, ez atera plastiko atzetik, mundua zaunkari da hemen»—. Deigarri gertatzen dira, orobat, Xabier Leteren Gizon arruntaren kopla eguneratuak, edozein bertsolarirentzat plagiatzeko aski tentagarria izan daitekeen ariketa, inondik ere.
Luzaz ari da Morau ertzetik kantu apartak sortzen, eta disko hau izan daiteke merezi duen aitortza egiteko aitzakia ezin hobea.
Morau. 'Arrainentzako himnoak
Aldamioen ederra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu