KRITIKA. Artea

Aitorpena umoreari eta jolasari

2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun

'2,3,5,7,11,13,17,19,23...'



Artista: Esther Ferrer. Non: Donostiako Tabakaleran.Noiz arte: Maiatzaren 26ra arte.

«Ba al dakizu zein etorri den Donostiara, Garazi? Ferrer!». Pozezko hitzak ziren.

Erakusketa eta proiektu guztiak norberak bere bizipenetatik abiatuta prozesatzen eta sentitzen ditu. Nahiz eta komisarioak tradizionalki diskurtso bakar eta zuzenak transmititzen tematu izan diren, XIX. mendean sortu zen publiko homogeneoaren ideiak aspaldi galdu zuen zentzua (edo galdu behar zukeen behintzat...). Era berean, arte kritikoa ere erakusketa batera sartzen denean, beste bisitari edo publiko bat besterik ez den heinean, haren bizipenak ere erabat bakarrak, singularrak eta subjektiboak dira. Eta nahiz eta aurretik egindako idatzietan ustez posizionamendu hori argi azaldu, gaur bereziki esplizituki egiteko beharra izan dut, erakusketa horretara amak egindako telefono deiaren ostean sartzeak (besteak beste) harekiko izan nezakeen ikuspuntua eta han bizi izandako esperientzia erabat baldintzatuko zuen kontzientzia izan bainuen. Esperientzia indibiduala izango zen hura, bat-batean, esperientzia partekatua bilakatu zen. Eta orainari lotutako esperientzia izango zena, berriz, denboran dantzan hasi zen, iraganeko eta etorkizuneko bizipen eta proiektuak azaleratuz. Kontziente naiz horrek guztiak erakusketako instalazio eta bertako objektuekiko izan nuen erlazioa baldintzatu zuela, eta kontziente naiz horrek guztiak ere jarraian idatziko ditudan hitz eta lerroak modelatuko dituela.

Aretora sartutakoan izan zen, hala ere, nire lehenengo sorpresa. Ez zegoen Tabakalerak orain artean erakusketa bakoitzean publikatu izan duen Orriak aldizkaria, zeina proiektuetan agertzen diren zenbait gairen inguruko hausnarketak burutzeko plataforma bikaina baitzen. Tristeki, badirudi lehen aldaketak nabaritzen hasiak direla jada... nahiz eta oraindik, zorionez, baden erakusketa interesgarririk. Inork dudarik izan ez dezan, Esther Ferrerren 2, 3, 5, 7, 11, 13, 17, 19, 23... erakusketaz ari naiz.

Jostaria da Ferrer, eta proiektua ere ezin zen bestelakoa izan: jostaria eta umorez betea. Sartzean, lehen aretoko lurreko perimetroan, ezohiko zerbait ikusten da. Kolore urdin eta berdez egindako forma geometrikoak eta zenbakiak dira, txikitik handira doazenak. Eta Hanselek eta Gretelek etxerako bidea ogiak biltzen egin nahi izan zuten moduan, ikuslea ere zenbakiak banan-banan jarraituz barneratzen da erakusketara, orain eskuinetara, eta berriz ere eskuinetara, nahi gabe artistak proposatutako jolasean parte hartuz, nahi gabe berak idatzitako Zenbaki lehenen olerkia irakurriz, eta nahi gabe ekintza performatibo bat eginez. Zer da performance bat? Erakusketako lehen proiektuari erantzuna emanez sarrarazten du ikuslea erakusketan Ferrerrek, ikuslea horretaz ohartzen ez bada ere. Zoria eta ustekabekoa dena, artistaren ekintzetako osagai nagusietako bat da, aurrez pentsatutako eskema eta estruktura guztiak erabat eralda ditzakeen osagaia, eta erakusketa honetan bertan ere ikuslea halabehar horren partaide bilakatzen du.

Jakina da Esther Ferrerrek bere ekoizpen guztiak osotasun baten barnean ulertzen dituela, guztiak daudela espazio, denbora eta errepikapenari lotuta hein batean, eta osotasun hori izan daiteke agian erakusketa definitzeko erabil litekeen hitza: elementu guztiak daude espazioan barreiatuta, elementu guztiak espazioaren okupazioari lotuta daude modu batean edo bestean, eta ikusleak ere proiektuak gorpuzteko espazioarekin jokatu behar du. Erakusgai dagoen proiektu bakoitzak ere bere denbora tartea du gauzatzeko, denborarekin jolasten du artistak, eta ikuslea ere denbora horren jabe da, denbora tarte ezberdinen beharra du, bai haiek gauzatzeko, birperformatzeko eta baita gozatzeko ere; eta era berean, guztia, nola ez, errepikapenaren paradoxak biltzen du. Honela, bere ekoizpenak hasieran oso izaera ezberdinekoak direla iruditu arren (harien bidezko instalazioak, performanceak, poemak eta zenbakiekin egindako lanak), erakusketan argi gelditzen da beraien arteko erabateko koherentzia: oinarrizko material berak hartu eta formatu ezberdinetan aplikatzearen ondorioa direla, alegia.

Zikloa 2011 eta 2012 bitartean hasi zen, Gasteizko Artiumen izan zuen banakako erakusketa handi harekin; ondoren, 2018an, Bilboko Guggenheimekoa etorri zen; eta orain, azkenik, 2019an, Donostiako Tabakalerara iritsi da. Kostata, berandu xamar agian (kontuan hartu behar baita bere ekoizpena 70eko hamarkadarako jada abian zela), baina azkenean badirudi Esther Ferrer lortzen ari dela Euskal Herrian ere hainbat urtetan ebatsia izan zaion aitorpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.