KRITIKA. Antzerkia

Airea, ikusezina

Agus Perez.
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun

'Bidaide'



Konpainia: Metrokoadroka Sormen Laborategia. Antzezleak: Idoia Beratarbide, Ainhoa Alberdi, Maite Aizpurua, Iraia Elias. Musikaria: Mikel Ugarte. Lekua: Etxarri Aranatzeko kultur etxeko antzokia. Eguna: Urtarrilak 28.

Aire ikusezina deitu zen Oier Guillanen testu postdramatiko bat, orain urte batzuk Donostia Literatura Saria eskuratu zuena, antzerki kategorian. Duela gutxi irakurri dut —aspaldi zegoen apalategian, bere txanda noiz ailegatuko zain—, eta hara non protagonistak jende ikusezinaz hitz egiten digun.

Kasualitatez edo, jende ikusezinaz hitz egiten digu Geuretik Sortua ekimenerako jalgi den Bidaide izeneko antzerki ibiltariak. Esandako antzerki testuak ama baten —ama askoren— eta izaki arrunt baten —izaki arrunt askoren— ikusezintasunaz hitz egiten zigun, era poetikoan eta surrealista samarrean betiere, baina oraingo honek tokian tokiko artista eta kultur eragileez hitz egiten digu. Beraiek dira herri bakoitzean kultura dinamizatzeaz arduratzen direnak, herri-bazkariak edo arte erakusketak izan, erraldoien desfileak edo euskal dantza taldeak izan.

Hala ere, aireak bezala, ikusezinak dira jende askorentzat. Batzuetan munduan dira ezagunak, eta beren sorterrian ez, baina, aireak bezala, ezinbestekoak dira geure kulturak, geure izateko moduak, geure herriak bizirik irauteko. Alde horretatik, Metrokoadroka taldearen azken sorkuntza honek balioan jarri nahi ditu tokian tokiko artistak eta kulturgileak, haien ikusezintasunetik ateraraziz eta herririk herri izandako emanaldietan haiekin kolaboratuz. Horregatik deitzen da Bidaide produktu eszeniko hau, eta horregatik esan diote antzerki ibiltaria.

Etxarri-Aranatzeko antzoki zimeldu eta txikira sartu garenean samurtasun olde bat jazo da gure baitan, eta beharbada hori berori izango da gaurko emanalditik hobekien gogoratuko duguna. Hori eta kulturarako sarbidea galarazten diguten debeku autoritarioei ihes egin izana. Harrera gunean geundelarik, goiko solairutik zalaparta betean jaitsi den tropak era guztietako instrumentuak jotzen zituen —harri koxkor bat aitzur baten kontra barne— eta denen gidari Oreka TX-eko Mikel Ugarte zebilen.

Haiek gidatu gaituzte areto barrura, eta pasabideko bi aldeetan zaindari izan ditugu arra beteko altuera zuten jaietako erraldoien figura txiki asko. Izan ere, kontraesan horretatik abiatu da dena: erraldoi nanoen erakustalditik igaro ondoren, erretroproiektore batek sortutako itzal handiek taula gaineko izakien eta ume askoren galdera grabatuei erantzun dizkiete, eta gero, adibidez, norbera erraldoi izan nahi eta txikitasunetik irten ezinik sortutako egoerak irudikatu dira Ugarteren atzealde musikatua eta txalaparta ia subliminala lagun.

Esandako guztiari forma emateko, irakurraldi poetikoak, irudi fisiko artegagarriak, neurrien eta irudien arteko kontraste esanguratsuak eta gordintasun handiko pasarteren bat tartekatu dituzte, halako moldez non une batetik aurrera denboratik eta espaziotik kanpo sentitu garen, dantza emanaldi batzuetan gertatzen zaigun bezala. Amaitzeko, Joxe Aldasoro eta Olatz Aldasoro tokiko kultur eragileen iritziak zuzenean hartu dituztela aipatu eta azken horren esaldi batekin geratuko gara: «Nik txikiaren neurria nahiago, txiki askoren artean gauza handiak egin daitezkeelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.