'Kristalezko giltza'

Aire beltz txute bat

Alex Gurrutxaga Muxika.
2015eko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Egilea: Dashiel Hammett. Itzultzaileak: Xabier Olarra eta Estibaliz Lizaso. Argitaletxea: Igela.

Igela argitaletxearen Sail Beltzak Raymond Chandler, Jim Thompson edo Bill S. Ballinger bezalako egileen lanak biltzen ditu. Nobela beltzaren izen ezagunak dira, generoaren klasikoak. Batzuek esaten dute ildo nagusi bi daudela genero beltzaren barruan: eskandinaviarra bata, AEBetakoa bestea. Sail Beltzean azken multzo handiko izen asko dago, Samuel Dashiell Hammetten hiru nobela tartean: Uzta gorria (1929), Maltako belatza (1930, ezaguna, halaber, John Hustonek egindako filmagatik), eta azkena, Kristalezko giltza (1931; honek ere badauzka gutxienez bi egokitzapen zineman: Frank Tuttlerena 1935ean eta Stuart Heislerrena 1942an).

Beharbada, urteen gurpilean handiago egin dira Raymond Chandler eta beste egile batzuk, eta seguruenik esan daiteke ikasleek maisuaren lana gainditu zutela. Funtsean, baina, nobela beltzaren aitzindaria da Hammett. Idazle eta zinema gidoilaria izan zen, baina ez hori bakarrik. Gerra Handiaren aurretik Pinkerton detektibe agentzian lan egin zuen, eta, gerora, ez zion izkin egin aktibismo politikoari: bi mundu gerretan parte hartu zuen, Alderdi Komunistan sartu zen, eta kartzelan pasatu zituen hilabete batzuk. Jakina da tuberkulosiak eta alkoholismoak erasan ziotela ere.

Kristalezko giltza-n, Henry senatariaren semea kalean agertzen da gorpu, eta Ned Beaumont da kasua argitzen saiatuko den protagonista nagusia. Ned ez da generoko protagonista arketipoa; izatez ez da detektibea ere, eta zeharka hasten da ikerketan, adiskide politikariari laguntzeko. Hala ere, genero beltzean ohikoa den bezala, tipo eredugarria ere ez da hain justu. Istorioan bat egiten dute gangster kontuek, pertsonaien negozioek eta politikak. Nahasmen horretan zuzentasunaren muga galdua dago: «beren kontuak lehenbailehen konponduta izatera ohituta» dagoen jendea da, kito, eta ugariak dira hardboiled delakoaren osagaiak, hala nola indarkeria, jipoiak eta alkohola. Pare bat berezitasun nabarmendu daitezke gutxienez: batetik, nobelako hauteskundeen giroa, eta hargatik politikak eta kazetaritzak hartzen duten dimentsioa; bestetik, berriz, interesgarria da Nedek Janet protagonista emakumezkoarekin daukan harreman lauso xamarra —batez ere jakinik nobela hauen eitea nolakoa izaten den genero ikuspegitik—.

Eleberriaren ezaugarri formalak oso markatuak dira. Narratzaileak Ned Beaumonti jarraitzen dio etengabe. Ekintza karakterizazioa baino garrantzitsuagoa da, eta ez da pertsonaien psikologian sakontzen; beraz, kamerak hartuta bezala, ikusle lekukoaren pare jasotzen dugu dena. Horrekin lotuta dago elkarrizketen ugaritasun eta garrantzia: hauek abiadura eta dramatizazioa areagotzen dute. Kontakizuna iraganaldian egina dago, anakroniarik gabe ia —elipsiak eta laburpenak, betiere—, eta azkar egiten da hiriaren espazio batetik besterako trantsizioa. Ondorioa, argia: efektu zinematografikoa eta abiadura; irakurleak erritmoak eramanda irensten du istorioa.

Iraganeko eleberrietara itzultzeko aukera ez da oso moderno-plantakoa, are gutxiago beltzak hainbeste fruitu eman duenean. Baina azken urteotan genero-nobelaren itzalpean argitaratu den zenbait gauza ikusita —besterik ez esatearren—, Hammettengana itzultzea aire zikin txute bat hartzea bezala da; zerbait lohia eta desegokia, beltz lehena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.