Joan Fierro. 'Arrotz'
Non: Montehermoso kulturgunea, Gasteiz. Noiz arte: Apirilaren 16ra arte.Montehermoso kulturguneko beheko espazioetara gerturatzean, ez da soinurik entzuten, norberaren gorputzaren mugimenduak sortzen dituenak baino ez. Egoera ez da aldatzen Joan Fierroren Arrotz proiektua biltzen duen erakusketa espazioan barneratzean. Aitzitik, isiltasuna, geldotasuna, irmotasuna... areagotzen dira erakusketa osatzen duten piezekin lehen kontaktua dugun momentuan. Baina, banan-banan erakusketa osatzen duten ikus-entzunezkoak aztertzean, sentsazio hori zabaltzen da: ez dago soinurik, baina proiektoreek hormetan islatzen dituzten irudiek nolabaiteko ahots mutu bat helarazten digute.
Fierrok aurkeztutako proiektua EHUk Montehermosorekin batera garatutako laguntza programen emaitza da, zeinak artista gazteen lanak ikusgai jartzeko Gasteizeko erakusketa aretoan mostra bat egituratzeko aukera ematen dien. Bada, Fierroren proposamenean ikus-entzunezkoak eta performancearen gaitasun performatiboak uztartzen dira. Euskarri horiek abiapuntu hartuta, atzerritartasunaren konnotazio kritikoak biltzen ditu, bere egoera pertsonalean oinarrituta.
Erakusketaren tituluak lotura sortzen du artistak jorratzen dituen hausnarketa bisualekin. Izan ere, Arrotz da euskarazko titulua, eta gaztelaniazkoa Extranjero. Itzulpen ez-zuzen bat eginez, ikuslearen hausnarketa aurrez jada bideratzen da, arroztasuna atzerritartasunarekin lotuz.
Mostra espazio bakarrean egituratzen da, eta ikus-entzunezko bost instalazioek ikuslea harrapatzeko gai den atmosfera bat sortzen dute: era asimetrikoan, batak besteari bere espazioa ematen dio, eta, aldi berean, irudi bat bestearen isla bihurtzen da.
Esaterako, espazioan barneratzean, gure ikuseremuan sartzen den lehen pieza aretoaren erdian goialdean zintzilik dagoen bideo instalazioa da. Hartan, gainjarritako irudiak sumatzen dira, baina gainjartze horren barruan identifikatu daitezkeen ezaugarriak askotarikoak dira. Pertsona bat dago etxez inguratutako patio batean, eta ekintza bat ari da garatzen: lore hori bat ehuntzen ari da. Instalazio hori zeharkatu eta haren atzeko partea ikusten dugun momentuan, pertsona hori kalean dago, ekintza bera garatzen. Kutsu intimoa arnasten den arren, eszena horretan zerbait urratzen da; artista bakardadean lore bat ehuntzen ari den bitartean, beren egunerokotasuneko ekintzak garatzen dituzten pertsonak agertzen baitira.
Hasieran, ikus-entzunezkoek argazkiak dirudite, baina, zuzenean begiratzean, argazkiek mugimendua dutela antzematen da. Halaber, artista bera agertzen da, geldo mugitzen, eta, kontrastean, inguruko pertsonek egunerokotasuneko erritmoari eusten diotela sumatuko dugu.
Halaber, irudiak konposatzeko modu orekatu, zuzen eta zainduak prozesuaz ohartzera bideratzen gaitu. Horren adibide litzateke espazioa osatzen duen lehen murruan aurkezten zaigun bideoa. Simetria osoz osatutako eszena bat da, zeinaren erdialdean harrizko eskailerak dauden, eszenaren ihespuntua markatuz. Haren eskuinaldean, Fierro agertzen da; mantso dabil, eta eskuen artean bandera ezezagun bat eusten du. Bada, eszenak pintura historikoen ezaugarriak helarazten dizkigu, eta, era berean, horien ikurrak berrantolatzen eta zalantzan jartzen ditu artistak.
Kontrasteen ildoa mantenduz, deigarria da Fierrok egituratzen dituen ekintzen eszenografia: Bilboko kaleak. Nolabait, espazio publikoei loturiko jardueren kodeak berrantolatzen ditu artistak, oinutsik baitoa, eta guretzat ulerterrazak ez diren ekintzak garatzen baititu. Era berean, artistaren mugitzeko erritmoak dikotomia sortzen du espazio bera okupatzen dutenekin, kamera geldoan mugitzen den heinean besteek normaltasun osoz zeharkatzen baitituzte kaleak.
Halatan, Fierroren helburua da atzerritarrek espazioetan markatutako egunerokotasunak, erritmoak eta ereduak erreproduzitzeko dituzten zailtasunak adieraztea. Behin eta berriz errepikatzen dira, era laburrean eta irudi ezberdinetan. Gure gorputza biltzen duen espazioak gure mugimendua mantsotzen du. Modu horretan, hausnartzera eta inguratzen gaituena bestelako ikuskera batzuetatik aztertzera bultzatzen gaitu, irudiz irudi eta mugimenduz mugimendu.