'Uholdeak. Klaustrofilia'
Non: Altsasuko Iortia kulturgunea (Nafarroa). Noiz arte: Urtarrilak 17ra arte.Hilabete luzeak pasatu dira lehen aldiz, osasun larrialdiak behartuta, konfinamendua pairatu genuenetik. Alabaina, geure bizilekuetako lau hormen barnean egotera behartuak egon ez arren, ezin dugu ukatu inguruarekin erlazionatzeko moduak eraldatu direla guztiz. Landa eremua, besteak beste, eraldatze horren testigu izan da. Hein handi batean, espazio itxiak ekiditeko aholkuei men eginik, askoren aukera kutun bihurtu baitira ibilaldiak zein landa-turismoa. Baina, nondik okupatzen dituzte askok halako espazioak?
Litekeena da dinamika hurrengoa izatea: kotxea hartu, eta helmugara gerturatzen zarela, kotxeko leihotik inguratzen zaituen paisaia bukolikoak liluratuko zaitu. Kotxea hor nonbait aparkatuko duzu, eta espazio bukoliko hori denbora tarte zehatz batez okupatzeari ekingo diozu. Jarraian, argazki pare bat atera eta lagunekin, familiarekin, lankideekin... saretuko dituzu. Eta, azkenik, hirira edo herrira bueltatuko zara, zure bizilekuko lau hormen gozotasunean murgiltzeko irrikan. Dinamika horrek egungo gizarteak sustatzen duen natura zein landa eremuarekiko distantzia igortzen du, bisitak egiteko agertoki neutro bihurtzen baitira halako espazioak.
Distantzia horren inguruan hausnartzeko pautak eskaintzen dizkigu aurtengo Uholdeak programaren aldarri den Klaustrofilia mostrak. Hain zuzen, aurreko edizioan bezala, erakusketak Nafarroako hainbat herri bisitatuko ditu, eta, oraingoan, Altsasuko Iortia Kultur Gunea da mostra biltzen duena. Komisariotza lanak Kanpoko Bulegoa kolektiboak garatu ditu, eta, zehazki, landa eta naturarekiko deserrotze prozesuak mapan jartzen ditu.
Kasu honetan, hausnarketa prozesu horretan murgiltzen gaituzten euskarriak askotarikoak dira: liburuak, hormetan eskegitako testuak, maketak, argazkiak, ikus-entzunezkoak... Bada, heterogeneotasun horretan bateratasuna igortzen da, abiapuntua Marc Badalek idatzitako testuak baitira. Haiekin batera, espazioan barneratu bezain pronto, Kanpoko Bulegoko kide diren Anne Ibañezen eta Marc Badal beraren irudiak aurkezten zaizkigu ikus-entzunezko batean; erakusketaren nondik norakoak emango dizkigute. Horrela, mostraren egituratzea kritikoa bezain didaktikoa dela sumatzen da, harekin lehen kontaktua izan bezain pronto.
Tamaina handiko bideoa atzean uztean, hamarnaka liburu sostengatzen dituen egurrezko egitura zabal eta arina dugu: liburutegi iragankorra, alegia. Espazio mugatu hartan kokatutako liburuen luzera, forma, kolorea eta edukiak askotarikoak dira, eta objektuok lotzen dituen hari ikusezina gaiek jorratzen duten naturarekiko harremana da. Mostrak kokatzen gaituen testuinguruarekiko iruditeria askoren sortzaileak ere badira liburuok: landa eremua ezer txarrik gertatu ezin daitekeen espazio bukoliko gisa aurkezten dituztenak, ikerketa objektiboak aurkezten dituztenak, edo erakusketaren tituluarekin lotutako irakurketa utopikoak.
Liburuek gugan ikuspuntu bat edo beste bat sortzeko aukera ematen digute; alabaina, espazioa hornitzen duten euskarri artistikoek geure pertzepzioen loratzea gauzatuko dute. Loratze horretan, ordea, tirabirak sortzen dira, naturala eta artifiziala denaren arteko tentsioak, alegia. Ildo horretan, Iosu Zapataren soinu-ekoizpenera gerturatzen naizenean, begiak itxi eta ibai baten ondoan kokatzen dut nire gorputza, baina begiak irekitzen ditudanean, ilusioa desagertu egingo da.
Bestalde, Iranzu Antonaren lanaren kasuan, erakusketa aretoan bertan artistaren iruditeria afektiboarekin lotutako harriak ditugu, Arbeitzako haitzetik hartuak, hain zuzen. Kontraste deigarria sortzen da orduan, haitzaren irudiak eta laginak jatorrizko eremutik atera baititu artistak.
Kontrara, Altsasuko iruditeria lokalari men egiten dion maketa txiki batek Txuspo Poyok herriko basoko zuhaitz batean eraikitako etxolarantz bideratzen nau. Honela, mostrak erakusketa aretotik ateratzen nau, eta arte garaikideak espazio publikoetan jasan dezakeen harreraren pistak emango dizkit. 2007an berria zen eraikinaren kristalak desagertu dira, egurra zahartu da, eta sarrera debekatu zaigu. Etxola izateari utzi dio Poyoren lanak, zuhaitz batean eraikitako egurrezko eskultura erraldoia baita gaur egun. Etxola bere jatorrizko erabileratik aldendu bada ere, paisaian guztiz integratu dela ukaezina da.
Landa eremuan kokatua dagoen herri industrialean ezarritako komisariotza lan honek inguruarekin zer-nolako harremana dugun aztertzera bultzatzen gaitu. Eta, era berean, arte garaikideak naturan nahiz hirigunetatik kanpo jorratu dezakeen rola aztertzera bultzatzen gaitu.