Joseba Irazoki. Joseba Irazoki eta lagunak

Adiskidetasunaren emaitza

2014ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Bidehuts.

Joseba Irazoki eta Iñigo Cabezafuego nafarrak Euskal Herriko musikari ipurterreenak dira, baina gainera elkarrekin ere jotzen dute Atom Rhumba eta Los Separatistas taldeetan. Biek ala biek bi disko entzungarri argitaratu berri dituzte, gaur hizpide izango dudan Joseba Irazoki eta lagunak (Bidehuts) eta Camina conmigo (FOLC Records-Happy Place Records), hurrenez hurren (bigarren horri datorren astean helduko diot).

Duela bi urte Donostiako Lugaritzen eginiko kontzertu batean erein zuen disko honen hazia Irazokik. Emanaldi horretan hainbat lagunekin batera aritu zen gitarra jotzailea, tartean, Beñat Axiari soinu aztia. Bada, kontzertu hartan parte hartu zuten musikariak estudioan elkartu eta 2009an plazaratutako Euria ari du (Moonpalace) bikainaren jarraipena gauzatu dute.

Belus beltzarekin eta artelazkiarekin jantzitako disko txiki bezain infinitu hark ez zuen entzuleen arreta handirik jaso, baina Irazokik one-man-band formatuan eginiko ibilbideari esker eta telebistan izandako agerpenei esker, jende gehiagorengana iritsi da (eta benetan pozten gara). Horren harira, ikusi beharko da nola erantzuten duten zaleek Joseba Irazoki eta lagunak bezalako disko konplexu, sakon eta iradokitzailearen aurrean.

Aipatutako Euria ari du diskoarekin alderatuz, lan berrian ekoizpen lana nabarmentzen da, izan ere, Irazoki estreinakoz aritu da ekoizle batekin, Johannes Buffekin, eta bien artean sekulako lana egin dute. Horrekin batera, kantuen konponketen indarra sekulakoa da, gitarrek sortutako oinarria adinakoa. Hala, bereziki kitzikagarriak dira haize tresnenak: Irazokik Neretzat ote haiz?, Desauzidioa edo Ahotik ahora doinuetan txertatu ditu, besteak beste, kantuei ukitu hipnotikoa erantsiz. Sei minutu inguru irauten duen Ahotik ahora kantuan, gainera, sokekin uztartzen dira, grabazioaren gailurra altxatzeko; kantuaren erdian deskubritzen den jazz pasarte askea liluragarria da. Ahotsetan ere aldaketa nabaria da, nafarrak bestelako ñabardurak erakutsi ditu; hor ere ekoizpen lanak zerikusi izango zuen.

Kantuek, oro har, Los Separatistas garaian egindakoak dirudite, alegia, gitarra garapen luzeetan eta riff errepikakorren gainen eraikiak. Halere, nafarraren jarioaren ezaugarri diren folk ukituak ere nabaritzen dira; horren erakusle, Plisti plasta abestiaren arrakaletan txertatu dituen gitarra dirdiratsuak. Doinuok, baina, gainerako musikari-lagunen ekarpenekin hazten dira, une oro, diskoak dozenaka entzunaldi eskatu arte. Musikari horien zerrenda luzeegia da, baina batzuk aipatzearren... Iban Urizar (tronpeta, klarinetea), Igor Telletxea (tronboia, bibrafonoa) eta Ager Insunza (gitarra, biolina). Aurtengo disko kutunen zerrenda guztietan izango da; nirean, behintzat, lehenengo postuetan kokatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.