'Lorategi irudikatu bateko islak'. Jose Antonio Sistiaga
Lekua: Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea.
Noiz arte: irailaren 24a arte.
Orain ehun urte gutxi gorabehera agertu ziren artearen munduan lehen margolan ez-figuratiboak, alegia, mihise baten gainean asmo artistikoagaz gauzaturiko lehen forma eta kolore abstraktuak. Ordutik hona artista ugari izan dira abstrakzioa landu dutenak, baina oraindino, denak asmatua dirudienean eta hainbatek pinturaren heriotza aldarrikatu ostean ere, margogintza abstraktuak txunditu egiten gaitu asko eta asko. Horren harira, erakusketa politak ditugu Bilbon, Matta txiletarraren paisaia surrealista abstraktuak Arte Eder Museoan, eta II. Mundu Gerra osteko abstrakzio europar eta estatubatuarraren etsenplu apartak Guggenheimen. Baina urrunera joan barik etxean ere baditugu abstrakzio piktorikoa landu duten artista bikainak—Ruiz Balerdi, Bonifacio, Zumeta, Dario Urzay—, eta horien artean garrantzitsuenetakoa Jose Antonio Sistiaga (Donostia, 1932) da. Hain justu, abstrakzioaren aita zen Kandinskiren eta informalismoaren eragina izan zuen Sistiagak mihiseaz harago joan, eta zeluloidera eraman zuen pinturagintza, abstrakzio animatuari bide emanez. Uda honetan, haren lanen atzera begirakoaz gozatzeko aukera dugu Donostian.
Orotara, Sistiagaren 107 lan daude ikusgai, film, mihise, kartoi eta paper gaineko pinturen artean, oro har, tematikoki antolatuta. 2010. urteko lanen ostean 60ko hamarkadako pinturak aurkitu ditzakegu, eta gero 90eko hamarkadakoak, eredu kronologikoari ihes eginez, eta ez dugu inolako jauzi formal ez estetiko handirik nabarituko, alderantziz, mostra osoan zehar aurkitzen dugu atmosfera antzekoa. Gainera, aldi berean marrazkilari, margolari eta zinemagilea izaki, mostran diziplina arteko erlazioak atzeman daitezke, baina baita—etsenplu jakinen bat salbu, Cosmos serieko pintura beltzak eta biluzi erotikoen seriea, kasu— ezaugarri komunak ere bere lanean; aretoetan barrena dabilen bisitaria segituan konturatzen da Sistiagak formaren aurrean koloreari eta mugimenduari ematen diola lehentasuna, abstrakzio lirikoa baita berea, dantzaria eta arina, dinamikoa oso. Pintzelkada soltea eta bizkorra nabari da, koloretsu eta jostalaria, ekintza-pintura estatubatuarraren dripping-a gogorarazten dizkiguten tantakadak erabiliaz maiz, baina gehienetan kolore puruz gauzaturiko banako trazu dantzariak dira, elkarrekin nahasi gabeak. Batzuetan kolore tonu intentsuak erabiliz, lausoago eta leunago bestetan, tonu hotz eta beroen arteko harmonia bikaina lortzen du hainbatetan, ikusleari artistaren paisaiak iradokitzen dituzten konposizioak sortuz. Tentsioa, dinamismoa eta oreka bilatzen du Sistiagak, eta, gehiago ala gutxiago, bere lan gehientsuenetan aurkitzen dugu halakorik.
Formalki abstrakzio postpiktorikotik hurbilago egon arren—pinturaren lengoaia bere baitan inongo esangurarik barik, kolorearen nagusitasuna forma absolutu lez, pinturaren trataera lausoa, bustidura efektuak soakstain teknika erabiliaz, mihisearen biluztasuna—, espresionismo abstraktuaren eta, bereziki, iragan mende hasierako lehen abstrakzioen —Kandinski, Mondrian, Malevitx— inplikazio metafisikoetatik badu zerbait; izan ere, Sistiagak naturarekiko obsesio bat agertzen du ia; ez kanpo naturaren errepresentazio nahita, baizik eta naturaren interpretazio poetikoaren alde eginez, eta, horren harira, bere natura propioa sortzen du, errealitate naturalarekiko paraleloa, era berean imajinatua baina baita inguratzen gaituen naturan eta kosmosean oinarri sendoa duena.
Urte batzuk lehenago Norman McLarenen film bat ikusi ostean, 1968tik aurrera Sistiaga zinemarekin esperimentatzen hasi zen, zeluloidearen gainean margotuz. Koloreari zion errespetuagatik film mutuak egitea erabaki zuen, mugimendu eta indar guztia bere baitan koloreek izan zitzaten. Zentzu horretan, Sistiagaren filmetan jada beste pinturetan aurkitu genezakeen artistaren kosmogonia pertsonal estetiko singularra atzeman daiteke. Horietako batzuk, eta baita zeluloidea pintatzeko tresnak eta film originalak ikusgai daude, bai telebista pantailetan digitalizatuta, baipantaila handiaren ilunpetan ere —benetako zinema ikusi behar den moduan—; aukera ezin hobea, Sistiagaren abstrakzio animatuaz era egokian gozatzeko.
Mende erdia baino gehiago margogintzari eskaini eta imajinario poetiko propio eta aberatsa garatu eta gero, oraindik sortzen jarraitzen du Sistiagak. Alta, Koldo Mitxelenako erakusketa ez zaigu atzera begirako tradizional gisa agertzen, margolariaren garai ugaritako lanak aldi berean erakusten dituen mostra lez baizik —Sistiagaren lorategi artistiko pertsonala da, funtsean—, eta horregatik da aproposa, oso, aldi berean pintore donostiarraren margogintza abstraktuaren balio historikoa eta gaurkotasuna agerian uzten duelako.
Artea. Kritika
Abstrakzioaren lirikotasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu