KRITIKA. Artea

Absentziaren presentzia

Museoan bertan landu du proiektua Zuhar Iruretagoienak. DONOSTIA 2016.
2016ko apirilaren 5a
00:00
Entzun

Zuhar Iruretagoiena

Erakusketa: Absentia (triangelu gorria eta lerro urdina)Lekua: San Telmo museoa, Donostia.Noiz arte: Apirilaren 30era arte.

San Telmo museora sartu, eta ia galduan ibili ostean, koruaren gaineko aretoaren izkinako gelaxkan topatu dut azkenik Zuhar Iruretagoienak, Labore programaren barruan, gauzaturiko proiektuaren erakusketa.

Gelaxka ez da nahigabean erraz topatzen den horietakoa. Pasabide bat da, ia gordean, ia ezkutuan San Telmoko Baserria deritzon atalaren hegal batean dagoena. Bisitari askok, tamalez, baserriari dagokion atala ikusi, areto txikira kanpotik begiratu, eta sartu ere egin gabe, bira ematen dute honela.

Ate txikitik sartuta, ordea, eta ezkerretara dauden sarrerako ohiko paragrafoak ikusi ere egin gabe, begiak aurreko plintora zuzentzen dira, eta eskuak, oharkabean, plintoaren gaineko liburuxka aztertzen hasten dira, orriz orri. San Telmo museoko bildumako koadroen erreprodukzioak daude haietan inprimaturik, 11 bat guztira, lerro urdin, hiruki beltz eta beste gune gorri batzuen gainjartzeekin guztiak ere. Koadroen azterketak dira, kolore bakoitzak, arlo ezberdin bat jorratzen duela. Lerro urdinak ihespuntuak dira, koadroetako pertsonaien begiradetatik abiaturikoak. Lerro beltzak, berriz, koadroetako konposizio lerroen nondik norakoak, triangeluarrak gehiengoak, gorputzen artean sortzen diren harremanak salatzen dituztenak. Azkenik, gorriz, elkartze puntuen eremuak ageri dira, gehientsuenak emakumeen eskuenak izanik.

Hala ere, konposizio eta ihespuntuen ikerketa hauen azterketaren dokumentazioa berez interesgarria izan bada ere, liburuaren orririk erakargarrienak ondorengoak dira, koadroa bera desagertu, eta kolore ezberdinetako konposizio lerroak soilik gelditzen direnean orri zurien gainean. Figuraziotik abstrakziorako prozesua da bertan, modu argi batez, azaltzen dena; koadro zaharren bertsio berriak, Ama Birjinarik eta aingerurik gabeak, baina gorputz eta koloreen arteko harreman, tentsio eta orekak mantentzen dituztenak. Horiek, ordea, haragizkoak izan ordez, geometrikoak dira. Bertsio ezberdinak daude, kolore eta lerroen arteko konposizio ezberdinak, bata bestearen atzetik, museoko bildumaren inguruko hurbilketa garaikide eta ezohikoa proposatzen duten konbinazioak guztiak ere.

Hori izan da oinarria, hori eginiko azterketen eskuliburua. Prozesua, ordea, ez da konposizioen tipologia ezberdinen paperezko irudikapen hutsean gelditu, eta aretoaren beste alderdian, ikerketa hori oinarri hartuz, artistak egin dituen lan berrien aurkezpena dago. Horrela, eskuliburua lehenik, eta prozesuen emaitza segidan, ikusleek proiektuaren nondik norako guztia ikusi eta ulertzeko aukera dute bertan. Begirada hutsez, loturak, ondorioak eta emaitzak bikain bistaratzen direla.

Alde batetik, koadroetan agertzen diren eskuen erreprodukzioak ikus daitezke hiru dimentsiotan: esku hutsenak; batzuk, zahartzaroak eragindako zain lodi eta zimurtuekin; besteak, aldiz, leun zein gazte; pareten goialdean zintzilik, antzinako eskulturetatik jasotako aztarnak dirudite. Era berean, ordea, hain hurbilekoak dira, hain ezagunak zaizkigu, hain anonimoak, baina hain gertukoak. Oinarrizko keinu baten anplifikazioak dira, heltzearena, elkartzearena, batzearena, ukitzearena. Eta halakoxeak dira ondorengo beste bi lanetan ere, paper, fotokopia, argazki eta zuri-beltzeko collagearen bidez eginikoak. Azken kasu horietan, ordea, keinu bakarra hartu beharrean, jomuga, zati eta begirada ezberdinen multzokatze eta gainjartzeak agertzen dira.

Azken bi produkzioak: burdinazko eskulturak eta performancea. Lehenak, plinto baxu luze batean erakusgai ipiniak, sentsazio kontrajarriak transmititzen dituzte haien txikitasunak eta fintasunak igortzen duten hauskortasuna burdinaren tinkotasun eta bistan dauden soldaduren zakartasunarekin elkartzean. Hasierako libururik gabe, ezin esan inondik ere pintura barrokoen konposizio lerroen arteko harreman jokoak direnik horiek; eta gauza bera performancearekin ere. Tamalez, azken hori akzioa izanik, eta arte adierazpen horien behin-behinekotasuna dela eta, esekita dauden argazkiekin soilik konformatu behar.

Horrela, Absentia (triangelu gorria eta lerro urdina), triangelu gorriaren eta lerro urdinaren sinpletasuna baino askoz ere gehiago da; ez da bilduma baten berrinterpretazio hutsa. Proiektuaren alde pedagogikoaren azterketan sartu gabe —zenbait jarduera ikasleekin egin baititu artistak— absentziaren presentzia baita artistak proiektu honen bidez aldarrikatzen duena, ezkutukoa, begien bistan ez dagoenarena, modu paradoxiko batez, museo barnean ia presentziarik ez duen ezkutuko areto batean aurkezten zaiguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.