ARTEA. KRITIKA. ARTEA

'À la Juan Perez Agirregoikoa'

Haizea Barcenilla
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
'[personal (civil) war]'. Juan Perez Agirregoikoa

Non: Carreras Mujika galerian (Bilbo). Noiz arte: Urtarrilaren 7ra arte.

Haizea Barcenilla

Carreras Mugica galeria kanpotik, frenteko espaloitik ikusita, minimalismo arraro baten erakusketa eskaintzen duela pentsa lezake batek. Tamaina eta zimurtasun antzeko mihise monokromo bakan batzuk ikusten dira zintzilikatuak, elkarren urrun, espazioaren zuritasun eta dotoretasunarekin jolastuz. Hala ere, eta instalazioa minimoa bada ere, bi elementuk hausten dute espazio neutro baten sentsazioa: batetik, lan horien koloreak -urdin bizia, bioleta, berde akuamarina, gorria...- ez datozelako inolaz ere bat ikuspegi minimalista batek eskatuko lukeen soiltasunarekin. Eta, bestetik, leihoaren aurrean, atzeko paretaren kontra, sofa arrosa bat kokatu dutelako, gainean koadrotxo batzuk dituena. Bezeroak esertzeko agian? Ez dirudi, bada, arte galeria estiloso baten neurriko pieza, giro hortera-chic-eko taberna batena baizik...

Barnera sartzean, azkar kontura gaitezke kanpoko lehen inpresio guztiak erratuak izan direla. Hasteko, lanak monokromoak izanik ere, marrazten dituzte forma batzuk, eta, margotuak egon beharrean, pintatutako paper zati txikiekin egindako collage-ak dira. Ez horren minimalista, ez analisi formal soilak. Eta, sumatzekoa zen bezala, sofak gainean dituen akuarelekin batera instalazio bat osatzen du.

Juan Perez Agirregoikoaren azken erakusketa da, [personal (civil) war] ([guda pertsonal (zibila)] izenez iritsi zaiguna, eta artistaren beste lanak ezagutzen dituenari ezusteko ederra ekarriko diona. Izan ere, azken bolada honetan, askotan ikusi ahal izan ditugu Parisen bizi den artista donostiarraren piezak, Gure Artea sarietan, Carrerasen bertan egindako azken bakarkako erakusketan (2008), Chacun à son goût kolektiboan Guggenheimen (2007), eta guztietan bi elementu izan dira nagusi: figurazioa eta/edo hitza. Gure masa gizarteak etengabe kontsumitu eta produzitzen duen irudia bera erabili ohi du Agirregoikoak gizarte horren gaineko begirada ironiko, kritiko eta zenbaitetan lazgarria bidaltzeko. Askotan ere, irudi hori lelo eta testuekin bateratzen du, oro har ideologia politiko ezkertiarretatik edo punk mugimenduetatik ateratako hitzak erabiliz, ideologiaren gainbehera erakusteko. Besteetan, hitz horiek bakarrik agertzen dira hondo koloretsu batean, ¿habéis cedido a vuestro deseo? Guggenheimentzako bereziki egindako lanean bezala, galdera beharrean, baieztapen erabakitzaile batek esan nahi zuen sinpletasunaz. Zuzena, mingotsa eta nahiko identifikagarria izan ohi da bere lana, eta, horregatik, ustekabe handia da oraingoan ekartzen diguna.

Hala ere, sakonki begiratuta, irudi monokromo horiek ez dira kontzeptualki bere bestelako lanetatik urruntzen; ez baitugu esan marrazten dituzten forma horiek ikurrina bat osatzen dutela. Edo, hobe esanda, ikurrina bat osatzen saiatzen dira, behin eta berriz hanka sartuz, adar bat bestea baino meheagoa eginez, beste bat moztuz, okertuz edo ebakiz, seriotasunari zor zaion iaiotasun geometrikoan behin eta berriz porrot eginez. Ikurrinak, gainera, kolore bakarrekoa izanik, bere izaera galtzen du; hasieratik eredutik aldentzen da, koloreak baitira sinbolikoki nazio baten izaera errepresentatzen omen dutenak.

Ikurrina gaineko akatsa deitzen da seriea, eta joko erraz baten bidez nazio baten sinbolo bezala eraikitzen dena barregarri uzteko kapazitatea du. Edo, hobe esanda, identitate baten irudikapenean ezarritako prototipo, zama eta orokortasunak nabarmen uzten ditu, edozein ikurrinak adierazi duen abstrakzioa honen irudia errepikatzen ari den indibiduoaren subjektibotasunarekin alderatuz. Ikurrina batek pertsona multzo bat errepresentatu nahiko balu, akastuna izan beharko litzake, ezinezkoa baita irudi bakan eta adiera bakar batean identitatearen konplexutasuna erakustea.

Lan hau Agirregoikoaren jarraipenean apurtzailea badirudi, agian bere jarraipenaren erakusle bat ez delako dugu: atzera begirada bat egin du artistak, eta 1990-1992ko lan hauek berreskuratu ditu. Hots, figurazio aurretiko lanak izaki, argi ikus daiteke gaiak badirauela, eta hogei urtez aritu zaigula Agirregoikoa, irmoki eta jarraitasunez, ildo koherente batean aurrera eginez.

Eta hori are hobeto erakusteko, sofak eta koadrotxoek osatzen duten beste lan bat, abuelito, hau bai aurtengoa. Marrazkietan, Agirregoikoaren aitonaren hilobitik ateratzea erakusten dute, 1936an fusilatua izan baitzen. Aitzindarien legatua, izaeren eta mentalitateen transmisioa, eta aldi berean, historiak duen zama elkartu egiten dira barne-espazio burges baten antzera eraikitako instalazioan. Pertsonala zibila da, eta gerra zibila bada ere pertsonala. Kontzeptuala dekoratibo bihurtzen da Carreras Mugican, eta dekoratiboa kontzeptual, kontzientzia kolektiboari bultzada bat emanez, à la Juan Perez Agirregoikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.