KRITIKA. Artea

33 minutu eta 32 segundo

Miriam Isasi artistak Gasteizko Montehermoso Kulturunean zabalduko duen erakusketako irudi bat. JAIZKI FONTANEDA / ARP.
2017ko martxoaren 28a
00:00
Entzun

Miriam Isasi

Erakusketa: Doppler Eco Tac.Non: Gasteizko Montehermoso Kulturunean. Noiz arte: Maiatzaren 14ra arte.

Musika, irudiak eta objektuak. Hori da Miriam Isasiren erakusketan, Montehermosoko ur biltegia izandako aretoan, topatuko duena bertaratzen denak. Badirudi ez direla gauza gehiegi horrelako tamainako aretorako, baina ez da gehiagoren beharrik ere han; elementuhoriek guztiak nahikoa dira aretoa bere osotasunean betetzeko. Ez da soberako piezarik, ez eta faltan sumatzen denik ere. Osotasun sentsazioa erabatekoa da.

Erakusketaren sarreran, bertan topatuko denaren deskribapen oso sintetikoa irakur daiteke. Doppler Eco Tac: Pista 01_Liquidos (2'13''), Pista 02_Tejidos (3'49''), Pista 03_Nervios (13'33''), Pista 04_Orbitas (2'28''), Pista 05_Galerna (11'19''). Denera, 33'32''. Horixe bera da ikusle bakoitzak erakusketa esperimentatzeko behar duen denbora, ez gehiago, ezta gutxiago ere;33 minutu eta 32 segundo zehatz. Izan ere, erakusketa nolabaiteko stand by iraunkor batean baitago bisitaria etortzen den unera arte. Bisitariak aretoa zapaltzen duenean, aretoko zaindariak play-ri eman, eta funtzio-erakusketa berpiztu eta martxan jartzen da bisitariaren hautemanerako. Horixe da ideia, erakusketa bisitari bakoitzari modu indibidual batez aurkeztea, bizipen pertsonalizatuak eta guztiz pertsonalak izanik erakusketa honek eskaintzen dituenak. Hain zuzen ere, proiektua burutzeko abiapuntua bera ere artistarentzat esperientzia oso pertsonal batetik abiatu zen, eta Doppler izeneko ekografia egitea izan zen esperientzia horren epizentroetariko bat.

Ekografia horren berezitasuna Doppler izeneko efektuan datza, alegia, objektu bat pertsona batengana hurbildu edo urruntzean objektuak igortzen duen soinuaren frekuentzia aldaketan. Hala, ekografietan ultrasoinuak erabiltzean, modu ezberdinez errebotatzen dute gorputzaren odol-fluxuaren noranzko eta abiaduraren arabera, eta ekografoek uhin horien alterazioak interpretatzen eta identifikatzen dituzte, frekuentzia bakoitzari kolore jakin bat emanez.

Artistak, proiektu hau burutzeko garaian, berari eginiko Doppler ekografia aztertu du, eta ikus-entzunezko bitarteko ezberdinen bidez berrinterpretatu, probaren bidez sorturiko uhinak eta sentsazioak kontuan hartuaz.

Piezaren nukleo zentrala musika da kasu honetan. Bost mugimendu edo zatiz osaturikoa, eta 33 minutu eta 32 segundoko iraupenekoa. Musika pieza honek, Joan Espasa konpositorearekin batera eginikoak, erakusketaren beraren erritmoa markatzen du, eta haren araberakoak dira ondoren gainontzeko elementu guztiak; bereziki, bideoak. Bost bideo, guztira, baina horiek aretoan ez daude ohi bezala kiribilean ipinita, ikusleak bere erritmoan nahi duena nahi duenean ikusi ahal izateko. Kasu honetan, bideo bakoitza musikako zati bakoitzari irmoki loturik dago, musika zatiarekin hasi eta itzaltzen direlarik, beti sekuentzia berak errepikatuaz.

Erakusketaren iraupenak erakusketak berak markatzen ditu honela, eta ez soilik iraupenak, baizik eta baita espazioan zehar bisitariek egin beharreko ibilbideak ere. Artistak inposatzen du gauzak behatzeko ordena, eta berak emandako pautak jarraitu beharrean aurkitzen da ikuslea, proiektua bere osotasun guztian ikusi nahi badu behintzat. Modu honetan, ekintza honen bidez, artistak arauen erabateko aldaketa proposatzen du, guztiz interesgarria dena. Ikusleari erakusketa batean izan dezakeen botereetariko bat kentzen baitio eskuartetik: hautatzeko eskubidea. Doppler Eco Tac proiektuan, behin artistaren arauak jarraitzea onartu ostean (hau da bisitariak har dezakeen erabaki bakarra), artistaren eskutan txotxongilo moduko bat bihurtzen da ikuslea, hark esaten diolarik zer ikusi eta zer entzun une bakoitzean, modu sotil baina guztiz eraginkor batez. Honela, arau aldatze horrek, ikuslearen paperean erresistentzia egitearekin batera, agente horren inguruko hausnarketa bultzaraztea lortzen du, nahitaez.

Nire esperientzia propioa akastun izan zen ordea. Aretora sartu eta martxan jartzeko botoiari ez baitzioten eman 15' pasatu ziren arte, eta gainera «funtzioaren» erdialdetik ipini zuten, hasieratik jarri beharrean. Eta ez nintzen ohartu hirugarren pista amaitu eta laugarren pista martxan jarri zen arte. Pena, eta pena handia, instituzioak horrelako detailetxoak kontuan ez hartzearena. Hala eta guztiz ere, egunerokoaren takikardiatik aldendu eta 33 minutu eta 32 segundo libratzerik dituenarentzat, guztiz proposamen interesgarri eta berezia da honako hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.