'Nork'

2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia

2016ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Idazlea: Xabi Paya. Ilustratzailea: Patxi Gallego Argitaratzailea: Bertsolari aldizkaria.

Bertsolari aldizkaria 1991ko maiatzean argitaratu zen lehendabiziko aldiz. 25 urte geroago, kalean da jadanik 100. zenbakia. Zifra borobil hori ospatzeko, ohiko egituratik aldentzen den zenbaki berezia osatu dute. Nork izenburua darama eta Xabi Paya gidoilariaren eta Patxi Gallego marrazkigilearen irudimenetik sortutako umorezko komiki bat da. Paper lodiko edizio zaindu batean, koloretan jaso dute 140 orrialdeak gainditzen dituen istorioa.

Demagun Andoni Egañak, egun osoa leporaino betetako Bilboko BECen bertsotan aritu ondoren, 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazi duela eta, txapeldunari dagokion agurra kantatzera doala, mikrofonoa ukitu eta oholtza gainean elektrokutatuta hiltzen dela. Jakin badakigu, zorionez, Egañak bizirik dirauela eta ez zela halakorik gertatu, besteak beste, Egañak ez zuelako final hartan parte hartu eta Amets Arzallusek jantzi zuelako urte horretan txapela. Fikzio hutseko komikia da Nork, gertaera dramatiko horretatik abiatzen bada ere, berehala umorez betetako istorio bati bide ematen diona. Hilketaren erruduna aurkitzeko asmoz, Ertzaintzak bere lau detektiberik onenen esku utziko du kasua, zein baino zein xelebreagoa: Amezketako aguazila, Bertsokop, Jesika Fletxeberria eta Amaia Ezpeldoi.

Ikerketan zehar, euskal unibertso txikiko hamaika aurpegi ezagunekin egingo dute topo, gertatutakoa argitu ordez, egoera are gehiago nahasiz sarri. Komikiaren azalean 40 inguru agertzen badira ere, askoz gehiago dira barrualdean Patxi Gallegoren esku finak ekintzan parte har dezaten paperera ekarritakoak; gainera, errealitatetik hartutakoei fikziozko pertsonaiaren bat edo beste batzen zaie. Irakurleak den-denak lehen begiratuan ezagutuko ditu, batere ahaleginik egin gabe ezagutu ere, hain da trebea marrazkilaria aurpegiak fidelki irudikatzen.

Xabi Payaren gidoiak, izaera ganberroaz gain, badu umore beltz dosi altua, ez inor iraintzeko asmorik, ordea. Euskal kulturaren mundua zabal hartuta, idazle, sukaldari, ETBko aurkezle, Olentzero eta Mari Domingi eta, batez ere, bertsolari mordoa Euskal Herriko txoko ezberdinetan kokatu ditu, irudika litezkeen egoerarik absurdoenetan. Horretarako, biderik sanoena hautatu du: arlo bakoitzaren topikoez eta ahoz ahoko esamesez baliatu da —bazuen non aukeratua—, horiek muturrera eramanez, ahalik eta gehien puztuz, geure buruaz barre egin dezagun.

Irakurleak hain hurbilekotzat antzemango ditu komikian aipatzen diren kontuak, non ez zaion irribarrea konplizea une bakar batez ere ezabatuko. Bertsolari aldizkariak argitaratua izanik espero izatekoa zen bezala, bertso umoretsu ugari daude orrialdeotan, eta pertsonaia bakoitza bere hizkeran mintzo da, euskara hainbat doinu eta kolorerekin jantziz. Nork euskal umore grafikoaren maila altuaren erakusgarri da; literatura, sukaldaritza edota bertsolaritzan egon daitezkeen tirabirei zukua atereaz, bertsotan barre batzuk botatzeko aukera aparta eskaintzen digun lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.