urtzi urkizu
Analisia

Zezenaren arnasa

2024ko irailaren 28a
23:00
Entzun

Koherentzia eta osotasuna izan ditu aurten Sail Ofizialak. Izan du zeharlerro bat film askotan, heriotzak eta hil aurreko momentuen zaintzak joa. Pantaila handian ikusi da, hortik aparte, animalia batzuk nola hil dituzten. Benetan, fikziorik gabe. Zineman ez ziren sekula ikusi modu horretan zezenketak, hain gertu, hain ozen, Albert Serra kataluniarraren Tardes de soledad dokumentalean bezala. Ikus-entzunezko artefaktu boteretsua da Serraren lana, aurkeztu diren beste filmetatik bereizten dena, eta badu zentzua Urrezko Maskorrarekin saritu izanak.

Filma: 'Tardes de soledad'.
Tardes de soledad dokumentala. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Hain gertu, hain ozen. Izan ere, dokumental irabazlean soinuaren tratamendua ikaragarria da. Hotzikarak. Zirrara handia eragiten du zezenaren arnasa entzuteak. Zezen plazaren erdian, mingaina kanpoan duela, nola dabilen animalia zauritua, heriotzara kondenatua... Esperientzia hori transmititu du Serrak filmean, eta ez du inor hotz uzten. Epaimahaiko kideei Serraren proposamena iritsi zaiela argi da; alferrikakoa litzateke aipatzea beste pelikula batzuek ere merezi zutela Urrezko Maskorra. Tardes de soledad merezimenduz da garailea, orain arte egin ez zen pelikula bat egin baitu zuzendariak —torero protagonista eta bere ingurukoak furgoneta batean solasean dabiltzan eszena sorta ere oso deigarria da—. Esperientzia fisiko aztoratzailea da filma pantaila handi batean ikustea, dena hain ozen, hain gertu. Baina baliatu beharko litzateke dokumentala bera eta Zinemaldian sari handiena jaso izana zinemaz haragoko eztabaidarako: lehenik eta behin, zezenketei laguntza publikoak emateak zentzurik ba ote duen; eta, bigarrenik, animalia bat halako torturekin hiltzea zilegi ote den. Zinemak gizartea hobetzeko balio beharko luke, askotan soilik zinema dela onartuta ere.

Izuarekin lotutako lehergailu bat da Tardes de soledad, ez-fikziozkoa, Andres Roca Rey toreroa protagonista duena. Ezkutatu ezin den errealitate bat erakusten duena. Irabazle bat, Donostiako 72. Zinemaldia aztoratu duena.

Tardes de soledad dokumentalaren trailerra.

Beste alde batetik, belaunaldi berrienekin bat egiten duten bi begirada, bi opera prima, saritu ditu epaimahaiak zuzendari onenaren sarirako: Laura Carreira eta Pedro Martin Calero. On Falling zinta interesgarria ondu du Carreirak: saudadea, Eskoziako behe lainoaren artean. Hainbatek aipatzen zuten Urrezko Maskorra ere izan zitekeela, baina zuzendari onenaren saria ez dago batere gaizki. Ezusteko handiagoa izan da Martin Calerorena, El llanto beldurrezko filma ez baita aurtengo onenen artean aipatu. Beste opera prima bat oso ezusteko ederra izan da: Xin Huo zuzendariaren Bound in heaven. Argazki onenaren saria eraman du Txinako filmak, eta ezin zuen bestela izan.

Filma: 'Los destellos'.
Patricia Lopez Arnaiz aktorea, Los destellos filmean.

Gasteizko aktore batek jaso du interpretazio protagonistaren Zilarrezko Maskorra: Patricia Lopez Arnaizek. Hunkigarria da Pilar Palomeroren Los destellos sentiberan egiten duen lana. Epaimahaiaren Sari Berezia Gia Coppolaren The Last Showgirl filmeko aktore taldeari eman diote; Hard Truths filmeko aktoreek ere mereziko lukete. Taldeko aktorearen saria Pierre Lottinek jaso du, Quand vient l’automne film ederrean egindako lanari esker. Gidoi onenaren saria ere eraman du film horrek; oso gomendagarria da Ozonen zinta. Eta badira film gomendagarri gehiago saririk batere gabe gelditu direnak: Costa Gavrasen Le dernier souffle eta Edward Bergerren Conclave, esaterako.

Edonola ere, aitzakiarik ez sariekin. Film batetik bestera, kritika batetik bestera, zanboan dabil ikusle bat baino gehiago. Zorabio horretan, balantzaka, 2025. urtean Sail Ofizialean euskarazko filmen bat lehiatzea desiragarria litzateke. Proiektuak badira bidean... Ea desira betetzen den.

Sail Ofizialaren balantzea. 2024ko irailaren 27a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.