Uxue Arzelus Lasa.
'Horizontes latinos'

Zeldaz haratago

2024ko irailaren 27a
10:17
Entzun

'REAS'

Zuzendaria: Lola Arias. Gidoia: Lola Arias. Produkzioa: Gema Films (Argentina), Sutor Kolonko (Alemania), Mira Film (Suitza). Argazkia: Martin Benchimol. Iraupena: 91 minutu.

fp 717411 28827
Reas film musikaleko fotograma bat.

Yoselik 26 urte ditu, eta lau urterako sartu dute kartzelan. Aireportuan harrapatu zuten, maletan bi kilo droga zuela. Kartzelara sartzen ari dela ezagutuko dugu: «Kendu ezazu arropa, askatu ilea eta astindu burua, maindireak eta koltxoia hartu, eta sartu zaitez zeldara». Eta bere lehen egunean ezagutuko ditugu gainontzekoak ere: Pato, Nacho, Estefy, Noelia. Rock talde bat osatu dute, eta Yoseli haien familiaren parte izan dadin nahi dute; Yoselik badu familia kanpoan, eta bakarrik egotea gustatzen zaio, baina laster ulertuko du espetxe barruan komunitateak duen garrantzia.

Lola Arias antzerki zuzendari eta zinegileak kartzeletan egiten zen ziklo batean erakutsi zuen  bere lehen filma. Bertan konturatu zen presoek zuten sorkuntza eta arterako grina, eta antzerki eta zine klaseak ematen hasi zen. Horrela sortu zen Reas; Argentinako emakumeen kartzela ezberdinetan egondako pertsona cisek eta transek osatutako istorioa da.

Ariasen bigarren film luzeak kartzelako esperientziak kontatzen ditu, baina baita preso dauden pertsonen bizitza eta oroitzapenak, amets eta ilusioak ere. Eta, horretarako, musikalaren generoa erabiltzen du. Kanpoan dituzten maitasunei buruzko kantak eta voguing saioak ikusiko ditugu, baina baita garbiketak, futbola, joskintza tailerra eta zuzenbide klaseak ere. Testosterona hartzen hasi zen unea, prostituzioan aritzera behartu zuteneko kontakizuna, bidaiatu nahi baina aireportuan gelditu zenekoa. Dena preso izandako pertsona horien begiradatik.

Zinemagile argentinarrak ez du ezkutatzen bere dokumental-musikal fikzio bihurtuaren artifizioa; aldiz, gidoiaren lerro bat ahaztu zaien Yoseli eta Nachoren barreek, edo eraikina kartzela bat izan ohi zela baina egun filmaketarako soilik erabiltzen dela adierazteak gertukoago egiten du filma, eta norberak ahal duen eran dantzatutako koreografia traketsek kolektibotasunari ematen diote indarra. Izan ere, Reas-ek ez du kartzelaren gogortasuna ezkutatu nahi, baina biolentzia espazio batean ahizpatasunean zentratzen du begirada, eta bizi istorio konplikatuak dituzten emakumeei amets egiteko aukera ematen die, patioan eraikitako hondartza eta guzti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.