'QUAND VIENt L'AUTOMNE'
Zuzendaria: François Ozon.
Aktoreak: Helene Vincent, Josiane Balasko, Ludivine Sagnier, Pierre Lottin.
Herrialdea: Frantzia.
Iraupena: 102 minutu.
Zenbaitetan aipatzen da idazle batek beti liburu bera idazten duela. Edo zinemagile batek beti pelikula bera egiten duela. Ez da François Ozon zinemagile frantziarraren kasua. Seigarren aldia du Ozonek Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean —2012an Dans la maison bikainarekin irabazi zuen Urrezko Maskorra—, eta aldiro proposatzen du gai eta istorio berri bat. Sarri ez du batere zerikusirik azken lanak azken-aurrekoarekin.
Quand vient l'automne filmarekin (Udazkena datorrenean) gai oso interesgarriak plazaratu ditu: familia toxikoak, bakardadea zahartzaroan, gezurrekin egoerak salbatzeko aukera, prostituzioan aritu ostean emakume batek izan dezakeen iraganaren pisua, zaharren arteko adiskidetasunaren garrantzia...
Adineko bi protagonistak perretxikoak biltzen ari direla hasten da istorioa. Pelikularen afixan perretxikoak baino ez dira azaltzen, eta egia da perretxiko toxiko batek eragina duela istorioaren hasieran. Baina aipatu bezala, perretxikoak baino askoz gehiago da Ozonen film berria.
Helene Vincent eta Josiane Balasko aktoreek jokatzen dituzte bi andre horien pertsonaiak. Oraindik film ugari gelditzen dira Sail Ofizialean aurkezteko, baina Vincent (81 urte ditu) hautagai sendoenetakoa da aktore onenaren saria irabazteko. Ez dira askotan ikusten adin horretako emakumezko pertsonaiak, Quand vient l'automne-ko protagonista bezain interesgarriak.
Filmak ondo funtziona dezan, gidoia da hil edo bizikoa, eta kasu honetan oso txukuna da Ozonek berak eta Philippe Piazzok idatzi dutena. Aurretik aipatutako gai guztiak lantzeko baliagarria da istorioa, baita pertsonaien garapena ere. Hain zuzen ere, Ozonen pelikuletan beti gertatzen dira gauzak... Eta kasu honetan ere, ez du ikuslea aspertzen.
Arlo teknikoan ere ezin zaio aitzakia handirik aurkitu filmari; argazkian badira detaile zoragarri batzuk ere. Hortaz, egunotan Donostian estreinatu diren filmik ederrenetakoen artean dago Ozonen azkenekoa.