'EL LUGAR DE LA OTRA'
Zuzendaria: Maite Alberdi.
Aktoreak: Elisa Zulueta, Francisca Lewin, Marcial Tagle, Gabriel Urzua. Herrialdea: Txile.
Iraupena: 95 minutu.
Ederrak eta hunkigarriak izan ziren Maite Alberdi Txileko zinemagilearen aurreko bi lan luzeak: El agente topo eta La memoria infinita. Film laburretan ere baditu deskubritzeko harribitxiak. Hori dela eta, bazegoen espektatibarik El lugar de la otra fikziozko lanarekin; espektatiba horiek, ordea, ez dira guztiz bete. Espero zitekeen baino lan txikiagoa da Sail Ofizialeko lehian aurkeztu duena, eta nahi eta ezina gailentzen da pelikulan, oro har.
Benetako gertaeretan dago oinarrituta El lugar de la otra: María Carolina Geel idazleak maitalea hil zuen tiroz, Santiagoko hotel batean, 1955. urtean. Akusatua defendatzeko ardura duen epailearen idazkaria, Mercedes, liluratuta dago kasuarekin. Izenburua aintzat hartuta, ikusleak pentsa dezake Mercedes berehala hasiko dela Geel idazlearen nortasuna bete nahian, baina pelikulak oso-oso aurrera egiten du momentu horretara iritsi arte. Kasik amaieraraino.
Elisa Zulueta Txileko idazle, antzerkigile eta aktorea hautatu du Alberdik Mercedes protagonistarena egiteko, eta ez du interpretazio txarra egin. Eta ezin esan pelikula oso kaskarra denik ere, baditu-eta une polit batzuk. Baditu, gainera, duela hamarkada batzuk emakumeek bizi zituzten egoeraren gaineko zertzeladak, modu finean jasoak. Baina gidoiak ez du behar bezala funtzionatzen: istorio indartsu bat berez izan zitekeena erdibidean gelditzen da, ez atzera ez aurrera, zer kontatu ondo jakin gabe bezala.
Balirudike Netflix plataforma handia tartean sartu izana filmaren proposamenaren kalterako izan dela. Susmoa da Alberdik beste momentu batean beste pelikula bat egiteko ausardia izan zezakeela. Edonola ere, fikziozko lan honekin asmatu ez izanak ez du aurreikusi behar etorkizunean lan interesgarriekin jarraituko ez duenik. Baina oharkabean pasatuko da El lugar de la otra, bai aurtengo Donostiako Zinemaldian, bai Alberdiren beraren ibilbide zinematografikoan. Denbora-pasarako aurkituko dio batek baino gehiagok grazia, etxeko goxotasunean: Netflixen, urriaren 11n.