'TARDES DE SOLEDAD'
Zuzendaria: Albert Serra.
Dokumentalaren protagonista: Andres Roca Rey.
Herrialdea: Espainia, Frantzia, Portugal.
Iraupe
na: 125 minutu.
Probokatzea maite du Albert Serra Kataluniako zinemagileak. L'enfant terrible-arena egitea oso gogoko du, eta horretan jokatzen du. Beste kontu bat da proposamen zinematografiko guztiekin asmatzen ote duen horretan ala ez. Tardes de soledad dokumentala pantaila handi batean proiektatzea, bere bi ordu eta bost minutuekin, bada gizatasunaren mugekin jokatu dezakeen probokazio bat. Eta bada animalien tortura sustatzen duen zinta bat. Dokumentalak, hotzean hartuta, ikus-entzunezko dokumentu baliozko bat izan beharko luke, agintariek zezenketak debeka ditzaten, zezenen aurka egiten diren basakeriak oso modu gordinean eta argian ikusten baitira pantailan. Ez da hori izango Serraren asmoa, baina salaketa gisa funtzionatu beharko luke, torturaz betetako «arte» hori gizartetik desterratzeko.
Pelikularen balioa, estetikoa eta zinema arlokoa, baloratzeko tartea da lerrootakoa, ordea. Eta Serraren dokumentala ona denik ezin da ukatu. Kamerek gertu jasotzen dute Andres Roca Rey toreroak zezen plazan bizi duena. Furgoneta batean doazela, bestalde, toreroaren ingurukoak hizketan entzutea nahikoa argigarri bada. Irudi aldetik, unerik ederrena Roca janzten ari denean ikusten da pantailan. Liturgia osoa berarekin doa; azken jaka jantzi aurretik, aitaren hirutan nola egiten duen, bide batez. Eta galtzak, estu-estu.
Zezen plazan, berriz, animalia nola zaurituz doazen ikusten da, gertu: banderillak, zaldi gainean doan pikadorea... Eta unerik gordinena da toreroak ezpata erabat sartzen ez badio buru gainean ematen dioten puntada hilgarria. Deigarriak dira, era berean, zezenak toreroa harrapatzen dituen momentuak; haietako batean, Roca Rey erdi-zaurituta dago, galtzak puskatuta, odola aurpegian, eta ez du erretiratzeko keinurik egiten: badoa zezen hori hiltzera, bizkar gain osoa odol gorriz betea duen animalia hori akabatzera. «Ole, tus huevos!», esaten diote inguruko batzuek. Halako hitzek eta keinuek erakusten duten maskulinitate toxiko eta matxista ere islatuta gelditzen da dokumentalean. Zezenari «putakumea» deitzen diote hainbatetan.
Sentsibilitate apur bat duen ikus-entzuleak hurrengoan ez du hain erraz hitz egingo zezenketak debekatzearen alde lanean ari diren ekintzaileen gainean.