urtzi urkizu
Sail Ofiziala

Nola hil

2024ko irailaren 26a
05:00
Entzun

'le dernier souffle'

Zuzendaria: Costa-Gavras.

Aktoreak: Denis Podalydes, Kad Merad, Marilyne Canto, Angela Molina.

Herrialdea: Frantzia.

Iraupena: 100 minutu.

Filma: 'Le dernier souffle'.
Kad Merad eta Denis Podalydes aktoreak, Le dernier souffle filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Konstantinos Gavras Greziako zinemagilearen sormena ez dago zaintza aringarrietan. Gazte, 91 urterekin, Costa-Gravasek beste maisulan bat aurkeztu du Donostian. Benetan hunkigarria da Le dernier souffle (Azken hatsa), heriotza duintasunez bizitzeko moduez mintzo dena.

Idazle bat eta mediku bat dira istorioaren protagonistak. Medikuak zaintza aringarrien unitate berezi batean egiten du lan. Idazlea, berriz, proba mediko batzuk egiten dabil, eta liburu bat idazteko asmotan gerturatu da medikuaren egunerokora. Heriotzaren aurreko uneen gainean idatzi nahi du idazleak. Eta egiten duten bide horretan, pelikulak ondo funtzionatzen du, zentzuz eta bihotzez.

Ez da izango Le dernier souffle Costa-Gavrasen pelikularik onena, makina bat baititu bikain-bikainak, baina oso poztekoa da ikuslearengana iristeko duen trebezia itzali ez dela ikustea. Regis Debrayren eta Claude Grangeren liburu batean dago filma oinarrituta, eta esan beharrik ez dago beti dela zaila liburuak pantaila handirako egokitzea. Baina zinemagile greziarrak asmatzen du tonuarekin, erritmoarekin eta elkarrizketekin. Baten bati irudituko zaio sentimenduetan gainkarga bat dagoela, baina ziur aski, ezin zen bestela izan. Zuzendariak, bederen, ez du kontentzioaren aldeko hauturik egin.

Denis Podalydes eta Kad Merad aktoreak sinesgarri daude rol protagonistetan. Bestalde, ederra da oso Angela Molinak interpretatzen duen ijitoaren sekuentzia luze bat: musikak aringarri gisa funtzionatzen du, neska txiki baten ahotsean, amonaren heriotzaren iragarpen gisa.

Politikoa izan da beti Costa-Gavrasen zinema, eta Le dernier souffle politikotzat ere jo daiteke hitza zentzu zabalean hartzen baldin bada. Heriotza gertu duten gaixoak ondo tratatzea eta heriotzarako pausoa duinki emateko aukera eskaintzea politika baita, dudarik gabe. Politika, hitz larriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.