'WE LIVE IN TIME'
Zuzendaria: John Crowley.
cAktoreak: Andrew Garfield, Florence Pugh. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 107 minutu.
Sail Ofizialean lehiaz kanpo aurten aurkeztu dituzten lanen artean, harribitxi zoragarria da Thierry Freamauren Lumière, l’aventure continue dokumentala, balekoa eta ikusteko modukoa da Paula Ortizen La virgen roja (ostiralean Hego Euskal Herriko hainbat aretotan estreinatu zuten), eta gorabeheratsua eta ahazteko modukoa da Johnny Deppen Modi, Three Days on the Wing of Madness. Aurkeztu dituzten bi telesailen balorazioa —Yo, adicto eta Querer— plataformen estreinaldi egunetarako geldituko dira: urrian bertan. Jaialdiari akabera emateko hautatu duten We Live in Time, berriz, zinta erromantiko oso txukuna da.
Irlandan jaiotako John Crowley zinemagileak gizon baten eta emakume baten maitasun istorioa eraman du pantailara, denboran jauziak eginaz atzera eta aurrera, bikote batek izan ditzakeen joan-etorriak gustu onarekin kontatuz. Haien bizitzan sartuko da, tartean, emakumeak duen gaixotasuna. Drama bat da We Live in Time, baina zenbait unetan irribarrea ere eragiten du. Hori lortzen du Crowleyk pertsonaiak sentsibilitate askorekin eraikitzen dituelako, batetik —elkarrizketak sinesgarriak dira—, eta Florence Pugh eta Andrew Garfield aktoreak oso-oso ondo daudelako, bestetik. Badu arrisku puntu bat denboran hainbeste jauzi egiteak, baina bikotearen maitasun istorioa ondo eramana dagoenez —neska protagonistak aipatzen duen bezala, «arau heteronormatibo guztiekin»—, ez dago arriskurik ikus-entzulea bidean galdu dadin.
Badira pelikula batzuk zinema jaialdi batean eta pantaila handi batean ikusteko direnak baliagarri, baina beste testuinguru batean astun eta pisutsu izan daitezkeenak. Crowleyk zuzendutako drama erromantiko honek, berriz, ondo funtzionatzen du zinema gela ilun batean —Hego Euskal Herriko aretoetara urtarrilaren 3an iritsiko da—, baina oso gustagarri izan daiteke baita ere etxeko berotasunean ikusteko, igande arratsalde batean, tapaki bat gainean jarrita. Hori bai, badaezpada komeni da zapi bat gertu izatea, edozein ikusle negar malkotan utz dezakeen zinta baita We Live in Time. Irlandako zuzendariak erakusten du egin daitezkeela mota horretako film onak, ohiko klixeetan ikuslea gogaitu gabe.
Crowleyren aurreko filma The Goldfinch izan zen, eta arlo ekonomikoan oso gaizki joan zen. Espero daiteke lan berri hau hobeto joatea, Andrew Garfield aktore distiratsua boladan dela baliatuz.