itziar ugarte irizar
Ilunpeko oharrak

Klasikoen gogorarazpena

2024ko irailaren 26a
05:00
Entzun

Klasikoetan estreinatu zara Zinemaldian. Zer eta Revolver izeneko film batekin (Sergio Sollima, 1975), non eta Principeko areto txiki bateko lehen ilaran, lepoa nahi baino bihurrituago. Vito Cipriani (Oliver Reed) Milango espetxe bateko zuzendariordea da, zeinak, gauetik goizera, mehatxuzko dei bat jasoko duen: edo Milo Ruiz (Fablo Testi) presoa askatzeko modua bilatzen du, edo ez du berriro emaztea bizirik ikusiko, Anna Cipriani (Agostina Belli). Hori abiapuntua, eta hortik aurrerakoa aspaldi ikusi gabeko poliziesco iradokitzaileenetako bat, odol putzuak odol putzu. Hor egon zara, pare bat orduz, sakelakoak isiltzeko Audiren iragarkia hamaikagarrenez ikusi ostean, maitaleen eta gaizkileen mundu erabat analogiko bati itsatsita. Bere mahaigaineko gurpiltxodun telefonoarekin, bere erotismo kitsch eta matxistarekin, ikaragarri pisatu behar zuten pistolekin eta ikaragarri pisatu behar zuten berokiekin. Atera bezain pronto eman diozu zeure buruari zaplada: zergatik ez duzu gehiagotan jotzen klasikoetara.

Baina ez, konturatu zara ezetz. Edo baietz, baina erdizka estreinatu zarela klasikoetan Zinemaldian. Revolver «Italia biolentoa» izendatutako atzera begirako atalean erakutsi baitute, Luchino Viscontiren 1943ko Ossessione-tik Andrea Di Stefanoren 2023ko L’ultima notte di Amore fimera arteko denbora hartzen duen sorta baten barruan. 

Klasikoak atalean bestelako film batzuk daude ikusgai egunotan jaialdian —haren barruan erakutsi dute Tasio, esaterako—, eta bada akaso behar baino oharkabeago igaro den beste atal bat ere: bost egunetan, bostetan arratsaldeko seietan, Tabakaleran, Kubako hemeretzi film erakutsi baitituzte, 1960ko eta 1970eko urteetakoak denak, En la otra isla deitu duten programan.

Bateko eta besteko filmak xeheago begira, otu zaizu ondo legokeela euskarazko klasikoak ere ikusten joan ahal izatea Zinemaldian, urtero bat, adibidez, edo urteren batean ziklo integralago bat, zergatik ez. Arantza Santestebanek hilean behin egunkari honetan erreskatatzen dituen filmetara iristeko modu bat izan ahalko litzateke, behar baino zailagoa baita bestela. Bitartean —ez da gauza bera, gogoratu—, gutxi batzuk daude Primeran plataforman ikusgai, grazia egiten dizun «80ko hamarkadako hitak» etiketaren pean: Segoviako ihesa (1981), Hamaseigarrenean aidanez (1985), Ehun metro (1985), Ander eta Yul (1988)…

'Revolver' (1975) filmeko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'Revolver' (1975) filmeko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.