urtzi urkizu
'SAIL OFIZIALA'

Inolako ekarpenik egin gabe

2024ko irailaren 22a
05:00
Entzun

'SOY NEVENKA'

Zuzendaria: Iciar Bollain.

Aktoreak: Mireia Oriol, Urko Olazabal.

Herrialdea: Espainia.

Iraupena: 110 minutu.

Duela 24 urte gertatu zen, Espainiako Ponferrada herrian: hango alkatea —PP alderdikoa— 24 urteko zinegotzi gazte bat jazarri zitzaion, sexu erasoak eta lan arloko bidegabekeriak tarteko. Nevenka Fernandez zuen izena emakume horrek, eta duela hiru urte bere istorioa kontatu zuen hiru ataleko dokumental batean: Netflix plataforman ikus daiteke Nevenka lana. Denbora gutxiren buruan iritsi da fikziozko filma, baina ez dio inolako ekarpenik egin dokumentalari. Lehendik jakina zen hori ageri da pantailan, eta horrez gain, antzematen da pelikula mimo handirik gabe egindakoa dela. Batzuetan ematen du dokumentalaren pasarteak platoan kalkatu direla, baina aparteko graziarik gabe.

Filmak hutsuneak ditu irudi eta errealizazio aldetik, eta nahiz eta kameren atzean Iciar Bollain eskarmentuduna aritu, gehiago du erdipurdiko telefilm batetik, zinema jaialdi batean lehian den pelikula batetik baino. Gidoi aldetik ere ez du funtzionatzen: batzuetan, morbo hutsera gerturatzen dela dirudi, errealitatean gertaera tragiko eta esanguratsu bat izan bazen ere. Agerikoa da istorioa beste zinemagile batek hartu izan balu beste toki batera eramango lukeela eta zinematografikoki beste eskaintza bat egingo lukeela, baina Bollainek errazkeriara jo du. Eta azken emaitza ez dago Nevenka Fernandezen istorioak mereziko lukeen tokian.

Filmaren bertute bakanetakoa Mireia Oriol eta Urko Olazabal aktore protagonisten lana da. Publiko zabalarentzat ezezaguna da Oriol, eta txukun jokatzen du emakume protagonistaren rola. Olazabalek, bestalde alkate matxista jazartzailearena egiten du; Bilbon jaiotako aktore horrek lortzen du pertsonaiak sorrarazi behar duen higuina ikusleari transmititzea. Baina Olazabalek eginak ditu lan hobeak azkeneko urteetan: esate baterako, Bollainek berak zuzendutako Maixabel filmean (2021). Bigarren mailako aktoreen artean, gorabeherak badira, eta ez dute denek lortzen pertsonaiak sinesgarri egitea. Edonola ere, film honen kalitatearen errua ez da nagusiki haiena.

Aipatzekoa da egileek inpunitatearen aurkako «ekintza politiko» gisa aurkeztu dutela Soy Nevenka, eta baliteke ikusle batzuengana ondo iristea, baina, forman ere, ekintzak indarra izan behar du, eta ausardia. Pelikula datorren astean iritsiko da Hego Euskal Herriko aretoetara, eta ondotik Movistar Plus plataformara, baina ez da nabarmenduko 72. Donostiako Zinemaldiko lan desberdin gisa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.