Uxue Arzelus Lasa.
Zuzendari berriak

Iluntasunetik atera nahian

2024ko irailaren 24a
12:28
Entzun

'Azken erromantikoak'

'Azken erromantikoak' filmaren irudi bat.
Azken erromantikoak filmaren irudi bat.

Iruneren bizitzak ez du kolore handirik. Bueno, badu kolorea, baina gris tonalitate anitzen artean mugitzen da. Batzuetan beltzera egiteko joera dauka, baina iluntasun horrek ikuslearengan protagonistarengan baino pisu handiagoa duela dirudi. Txarra zenak okerrera egiten du, eta ongi zegoena amaitu egiten da. Eta gris eta beltz artean aritze horrek batzuetan nekatu egiten badu ere, argiune txikiak eskaintzen dizkigu kontakizunak, arnasa hartu ahal izateko uneak. Gutxi irauten dute, hori bai.  

Irunek paper fabrika batean egiten du lan, eta laguntasuna dirudien zerbait du bere bizilagunarekin. Maionesa-atuna-maionesa ogitartekoak afaltzen ditu, eta amaren aerobik egiteko VHS zaharra erabiltzen du kirol pixka bat egin eta dantzan ikasteko. Baina bizilagun Abelek pixa egiten dio atarian, ezin du amaren heriotza gainditu, eta anaiarekin ez du harremanik hiletaz geroztik. Lanean bidegabeko kaleratzeak gertatzen ari dira. Eta koskor bat aurkitu du bularrean.

Inguratzen duen iluntasun horretan, inoiz ikusi ez duen Renfeko operadore Miguel Mariarekin duen telefono bidezko harremanak ekarriko dio filmari argitasun pixka bat. Iruneren bizitzari buruzko detaile asko dakizki gizonak, eta emakumea beste inorekin ez bezala zabaltzen da harekin, bere kezka eta beldurrak kontatuz. Helmuga askotarikoak dituzten tren bidaien ordutegiei buruzko informazioa eskatzeko aitzakiarekin, egunero deitzen dio Irunek.

Txani Rodriguezen izen bereko eleberrian dago oinarrituta film luzea, David Perez Sañudok zuzentzen duen bigarrena. Detailez beteriko pertsonaiek osatzen dute kontakizuna, istorioari hainbat geruza gehituz. Era berean, detaile txiki horiek dira filmari denbora tarte labur bat irauten duen arintasuna ematen diotenak: bizilagunaren belarritakoak, Iruneren dantza egiteko era traketsa, supermerkatuan Ikerrekin duen intimitatez beteriko elkarrizketa deserosoa, Lisboara egindako ametsetako bidaia. Eta zenbaitetan astunegia, estuegia den iluntasunean, une txiki horiek dira Irune gertukoago egiten dutenak, eta bere atsekabeak sostengatzen laguntzen dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.