Uxue Arzelus Lasa.
'Culinary zinema'

Garaian garaikoa

2024ko irailaren 27a
10:45
Entzun

'Kita no syokukei / northern food story'

Zuzendaria: Tetsuya Uesugi. Gidoia eta argazkia: Tetsuya Uesugi. Musika: Masaki Hayashi. Herrialdea: Japonia.

fp 727702 30850

Kita no syokukei filmeko fotograma bat.

Hokkaidon gaude, Japonia iparraldean. Udaberria da, eta gereziondoak loratu dira dagoeneko. Arkumeak hasi dira jaiotzen, eta tenperaturak epeltzen. Sapporoko La Sante jatetxeko mahaian zainzuriak aurkezten ari da Takeshi Takahashi chefa. Era ezberdinetan prestatzen dituzte barazki horiek, baina hostoetan bildu eta gatzarekin eta piperminarekin aurkeztutakoak dira haien espezialitatea. Kaori Yoshida chefak ere badaki barazkiei buruz. Bere baratze propioa du Agriscape jatetxearen ondoko zelaietan, eta ondoren bezeroei aurkeztuko dizkien oilo eta txerriak hazten ditu, eguzki nahikoa jaso dezaten ziurtatzeko. Barazkiak landatu eta jasotzeari sukaldean igarotzen duen denborari bezainbesteko garrantzia ematen dio. Ajidokoro jatetxeak ere lehengaia zaintzean jartzen du arreta; izan ere, Hiroshi Sakai chefak bere egun libreak erabiltzen ditu perretxikoak jaso edo barazkiak prest uzteko. Maru Zushi jatetxeak ez du lehengaien kalitatea alde batera uzten, alderantziz, sushia eskaintzen duen jatetxea izanik, argi du hori dela bere oinarria, baina Junnosuke Kawasaki chefak bezeroekin duen harremana jartzen du erdigunean; janaria bikaina izatea bete beharreko minimoa da, baina jendeak une atsegin bat igarotzea da haren nahia.

Tetsuya Uesugi zinemagile japoniarrak Hokkaidoko bazterrak erakutsiko dizkigu, urtaroetan zehar bidaiatzen dugun bitartean. Northern Food Story haren lehen film luzea da, eta bere jaioterriak sasoiko elikagaiekiko duen zaintza eta errespetua erretratatu ditu bertan. Sukaldarien eguneroko jardunari jarraituz, eta lankide eta bezeroekin dituzten hizketaldien lekuko izanez, gastronomia eta hein batean bizitza ulertzeko duten era ikusiko dugu. Sinpletasunean oinarritutako plano eta muntatze lanaren bidez, eta Hokkaidoko paisaia ederren laguntzaz, janaria balioetsi eta naturak ezartzen dituen garaiak errespetatzera garamatzan film bat da. Mimoz egindako platerak mimoz pantailaratuz. Erritmoa apaldu eta uneaz gozatzeko gonbita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.