Uxue Arzelus Lasa.
Perlak

Egia eraikiz

2024ko irailaren 28a
14:26
Entzun

'marco'

Marco filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Marco filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Pantailan klaketa bat azaltzen da; filmaren izenburua, eta zuzendarien eta argazki zuzendariaren izen-abizenak. Klaketa hotsarekin errealitatearen eta fikzioaren, egiaren eta gezurraren artean dagoen mundu honetan sartu gara, abisatuta gaude. Eta film guztian zehar mantenduko den zalantza izango da: hori benetan gertatu al zen? Orain gezurretan ari da edo egia dio?

Enric Marco Batllek bizitza gogorra izan zuen. Sindikalista eta CNTko idazkari nagusia izan zen; II. Mundu Gerran Alemaniara deportatu, eta Flossenburgeko kontzentrazio esparruan sartu zuten. Han gertatutakoak ezin ditu guztiz ulertu bizi izan ez dituen norbaitek. Tximiniak. Tximinietatik irteten zen kea, eta hura azken eguna izatearen beldurra. Enric holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko lehendakaria da, eta hitzaldiak ematen ditu Kataluniako institutuetan. Eta holokaustoari buruz historiako liburuetan irakurritakoa soilik ezagutzen duten gazteek arretaz entzuten diote Enric-i, beste mundu batean gertatutakoak ziruditen gertakizunekin enpatizatuz. Izan ere, Enric hizlari aparta da, hunkigarriak diren pasarteak kontatzen ditu, eta entzulea harrapatzeko gaitasun izugarria du. Bere karisma eta narratibarekin ahanzturan utzi nahi zen historiako zati bati ikusgaitasuna ematea lortu zuen. Kontua da gezurretan ari zela eta ez zela sekula kontzentrazio esparru batean egon.

Aitor Arregi eta Jon Garañok Enric Marcoren gezurra eta egia kontatzen dute Marco film luzean. Jatorrian dokumentala izan behar zuen fikzioan Marcok eraikitako istorioa erretratatzen dute, zergatiak ulertu nahian, eta ikuslearen esku utziz epaia. Marcok gezur batean sostengatu baitzuen bere bizitza: emazteak eta alabak ustez ez zuten engainuaren berri, eta bere egunak deportatuen eta kontzentrazio esparruetan biziraun zuten pertsonen ikusgaitasunarengatik eta aintzatespenarengatik borrokan igarotzen zituen.

Marcoren rolean Eduard Fernandez bikaina jarri da. Gezur bati buruz gezurretan ari den gizona. Zalantza txiki bat hemen, ahots urraduratxo bat han, eta bere gezurra guztiz zilegia dela uste duen gizonaren inozentzia aurpegi iraunkorra. Narrazioaren, errealitatearen, gezurraren eta haren ondorioen, memoria historikoaren eta moraltasunaren artean nabigatzen ari den filmak erantzun baino galdera gehiago zabaltzen ditu, eta, lantzen diren gaiak gogorrak izanagatik ere, gertatutakoaren sinesgaiztasunak umorez betetzen du Arregik, Garañok eta Fernandezek eraikitako kontakizuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.