'Por donde pasa el silencio'
Antonio, Javier eta Maria anai-arrebak dira. Antonio eta Javier bikiak dira, eta Maria haien arreba gaztea da. Antonio Madrilen bizi da, eta herrira itzuliko da Aste Santuko oporrak igarotzera. Denbora darama etxean egon gabe, eta egoera uste baino okerragoa dela ohartuko da: Javierrek txikitatik duen gaitza okerrera doa, eta egunero nahasten dituen pastilla, alkohol eta droga piloak ez dio onik egiten. Aitarekin ez du ia harremanik, eta hitz egiten duten bakoitzean elkarri gauzak aurpegiratzen dizkiote azkenean. Amak ikusle isil bat dirudi, pasako zaiela, lasaituko direla esanez. Eta Maria erdian dago, itota sentiarazten duen herri batean, gorroto duen lan batekin, eta familia zaintzearen ardura bizkar gainean hartuta.
Por donde pasa el silencio Sandra Romero andaluziarraren lehen film luzea da, eta atzean utzitako bizitzara bueltatu behar duen gaztearen zalantza eta beldurrak, kulpa eta ezintasuna erretratatzen ditu. Itogarri zitzaion bizitzatik alde egin behar izan zuen Antoniok bere garaian, eta etxera itzultzean ondo egin zuela ohartzen bada ere, bere familia sufritzen ari denak errudun sentiarazten du. Romerok castingarekin hartutako erabakiak asko laguntzen du protagonistaren larruan jartzen; izan ere, Antonio, Javier eta Maria anai-arrebak dira bizitza errealean, eta elkarrekiko duten maitasun eta konplizitateak Antonioren dilema handiagotzen du. Horren intimoa da haien harremana, zenbaitetan dokumental baten aurrean egoteko sentipena eragiten baitu.
Romerok oreka polita lortu du familiako kideen eta haien zamen artean. Inor ez da guztiz erruduna, baina denek dute landu beharreko zerbait, eta, horrela, Antonioren erabakia zaildu egiten da: bere burua zaintzen ez duen anaia gaixoarekin gelditu eta familiaren karga apur bat arindu, edo Madrilera itzuli eta berak eraikitako bizitza bizitzen jarraitu, atzean anaia eta hura laguntzen dutenak utzita. Erruz eta esaten ez direnez ez ezik maitasunez eta konplizitatez ere beteriko familia batean kokatzen du istorioa zinemagile andaluziarrak, dena ez baita beltza edo zuria, eta aukera bat hautatzeak beste hainbat atzean uztea ekarriko du.