Bizitzak askorako eman lezake, eta niri, orain arte behintzat, gurea ez den espezie askorenganako sentsibilitatea areagotzeko balio izan dit. Azkar esanda, zomorroa ez den oro maita nezake gaur egun. Eta, estu jarriz gero, zomorroetarik asko gogoko izatera ere iritsiko nintzateke beharbada, zirkunstantziak aldatuko balira.
Txikitatik datorren kontua da. Sentsibilitate horren lehen oroitzapen gisa, gurasoen etxeko sukaldean gertatutako eszena bat datorkit akordura: imajina dezagun untxi bat atzeko oinetatik zintzilik, garrasika, bere patuaren kontra hil ala biziko borrokan, eta haren parean gure aita, mailua eskuan, garondoan kolpea eman nahian supituan hil dadin, baina asmatzen ez. Lehorreko kate trofikoan untxiak zeregin garrantzitsua duela dio hiztegi entziklopedikoak, eta espezie haragijale askoren oinarrizko dietaren parte ere badela. Harrigarriak egin zaizkit beti definizioak, bereziki zientifikoak omen diren horiek. Nik bakarrik dakit harrezkero zaila egin zaidala untxi okela jatea (baita beste edozein okela ere, bide batez esanda), eta halakorik ez dela hiztegietan jasotzen.
Baina egia da: ni ez naiz mendian bizi; nire biziraupenak ez nau borroka horretara behartu edo antzeko kinkan inoiz jarri. Kalekume totala naiz, eta beti izan ditut ogi muturra (edo galleta paketea) eta Zara moduko arropa-dendaren bat eskura, gosea berdindu edo jantzi behar izan dudanerako. Tasiok horixe bera gogorarazi dit. Eta pelikula bere horretan perla bat dela inondik inora ukatu gabe, aitor dut sufritu egin dudala hari begira, filmaketarako hil zituzten azeriengatik, beren habietatik atera zituzten txorikume guztiengatik, zintzilika ageri diren animalia larru guztiengatik. Hamazazpi urte izango nituen estreinakoz ikusi nuenean, eta ez dut gogoan horrenbeste aldiz itxi nituenik begiak, horrenbeste aldiz sentitu nuenik animalienganako erruki hori. Berrogei urtean nire sentsibilitatea sendotuz eta areagotuz joan den seinale.
Zorionez, denbora ez da alferrik pasatu inorentzat, eta batzuen milikeria izan zitekeena askoren kontzientzia bihurtu da gizartean. Zinemak ere lorratz horri jarraitu dio, jakina, eta, konparazio batera, nekez ikusiko ditugu produktoreak animaliak hiltzen edo antzeko krimenetan katramilatuta, dena delako film baten eszena bat grabatzeko. Txarren-txarrenean efektu berezietara joko dute.
Eta horrek Tardes de soledad dokumentalera narama. Ados naiz proiekzioaren aurka altxatu zirenek esandakoarekin: zezenketa ez da artea, ez eta kultura ere; tauromakia tortura hutsa da, eta tamalez, batzuen dibertimendurako asmatua. Ba ote hori baino lazgarriagorik.
Baina ez dut uste dokumentala debekatzea denik bidea, proiekzioaren aurrean protesta egitera deitutakoek eskatu zuten moduan. Eta ez dut uste Zinemaldia tortura mota hori zuritzen ari denik. Gaitza da arazoa, ez haren errepresentazioa. Gaitzak eragindako doministikuak isiltzera baino gehiago, gaitzaren muinera jo behar da, eta hari egin eraso. Kosta ahala kosta.