urtzi urkizu
Sail Ofiziala

Amen, Berger: bai fedea

2024ko irailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'CONCLAVE'

Zuzendaria: Edward Berger.

Aktoreak: Ralph Fiennes, Stanley Tucci, John Ligow, Isabella Rossellini, Sergio Castellitto.

Herrialdea: Erresuma Batua-AEB.

 Iraupena: 118 minutu.

Bitxikeria hau ez da filmean ageri, baina euskaraz argitaratua den lehen esaldia 1513. urtean azaldu zen, Erroman, Bartolome Torres Naharroren Comedia Tinelaria-n: Bai fedea, dio testuak. Hainbat hizkuntza nahasten dira obra horretan, eta Conclave filmak ere nahasten ditu hizkuntzak —ingelesa nagusitu arren—. Eta Erroma eta fedea aipatzen dituenak Vatikanora egin behar du bisita. Edward Berger zinemagileak izango zuen fedea: Robert Harrisek 2016an idatzi zuen izen bereko eleberria material ona izan zitekeela pelikula baterako. Ba kontua da Conclave indartsu hasten dela, Volker Bertelmannen musika boteretsuarekin, eta ikuslea harrapatzen duela amaierako kredituetaraino.

Ezer gutxi esan daiteke txarra Bergerrek ondu duen filmaz. Aita Santu berriaren hautaketak askorako ematen du: kasu honetan, bi orduz gozatzeko. Hain da ona gidoia. Hain ona Ralph Fiennes Galesko aktore protagonistaren interpretazioa. Superprodukzio dibertigarrienei ere inbidia gutxi, asmoa dibertimendua baldin bada. Ez dira gutxi istorioaren barnean tartekatzen diren ezustekoak. Elkarrizketetan, gainera, umore finera jotzen dute batzuetan, eta, beste batzuetan, bada kritika soziala eta bada Eliza katolikoaren autokritika kardinal batzuen ahotan; azken puntu horretan, Stanley Tuccik bikain jokatzen duen kardinalaren kasua aipa daiteke.

Hori gutxi balitz bezala, pentsa zitekeen Elizako gizonen kontua dela Conclave. Baina pasarte garrantzitsuetan ageri da moja bat, Isabella Rossellini interpretazioaren maistrak hezurmamitua. Ozena da haren ahotsa.

Vatikano barneko dibertimendu eta liturgia guztien erdian, Fiennesek jokatzen duen kardinalak hitzaldi mamitsu bat ere egiten du. Ziurtasunaz ari da, erabateko ziurtasunak izan ditzakeen eragin kaltegarriez. Aniztasunaz ari da, nahiz eta ikusleak badakien Eliza katolikoaren barneko aniztasunak zer-nolako bidea duen. Pertsonaia, gainera, barne borrokan ari da. Bai, fedea...

Bergerrek lau Oscar sari irabazi zituen All Quiet on the Western Front (2022) lan beliko zoragarriarekin. Ez litzateke harritzekoa izango Conclave-k ere makina bat sari jasotzea datozen hilabeteetan. Amen, Berger.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.