KRITIKA. MUSIKA. Gospel sustraiduna

2005eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: abenduak 16a. Jende kopurua: 700 lagun. Iraupena: ordubete eta 45 minutu.

Mississippiko Jackson hiritik datorkigu Jerry Calvin Smithek zuzentzen duen abesbatza: hamalau kantari eta hiru musikari (Jerry bera pianoan). Horrek sustrai sendoenak gospel tradizionalean dituela esan nahi du; beraz, zerrendaren kantu gehienak herrikoiak ziren, entzuleentzat ezagunak. Hasieran zuzendaria eta kantariak (bederatzi emakume, lau gizon) beltzez jantzita agertu ziren; agertokian burumakur kokatu eta murmur triste batean Wade in the water kantatu zuten. Ondoren, beste pieza lasai bat eman zuten: Swing low sweet chariot. Jendearen erantzuna oso beroa izan zen, baina asko falta zen oraindik entzuteko eta ikusteko: abesbatza osoa a capella (Ol' time religion, I thank you Jesus, Amen kutsagarria), solisten ariketak (Precious Lord, Move on up little higher, Angels), gizonezko laukotea (Now look awaykoreografia eta guzti, My life is in his hand), bikote mistoa (The prayer, soul balada eder eta ia erromatikoa), emakumezko bikoteak (Walk and talk, I don't feel noways tired) eta beste formatuak.

Esan bezala, kantu gehienak ohikoak ziren, baina konponketak eta entzuleen aurrean aurkezteko moduak oso bereziak eta originalak izan ziren. The sound of Gospel du izena ikuskizun honek eta estilo honen historia berreskuratzeko balio zuen kantuen zerrendak. Abesbatzaz gain, beste lau emakume agertu ziren goi mailako solisten moduan. Aipa dezagun hemen emakume zaharrena, argalena eta biziena, God has brought me kantuan estasi hutsean aritu eta mugitu zena. Azken atalean Gabonetako kantuak eskaini zizkiguten (Joy to the world, Silent night, Celebrate new life eta Joy, musikal baten estiloan). Horren ondoren, entzule gehienak zutik (jendez gainezka zegoen antzokia), bis bakar bat kantatu zuten, zein eta Oh happy day, kantariek eta entzuleek eskua elkarri ematen zioten bitartean. Aleluia, anaia-arrebok!Joseba Martin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.