Kristonak taldeak The Cavern aretoan joko du

Kristonak taldeko hiru kide. KRISTONAK.
2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun
MUSIKA. Kristonak musika taldeak kontzertua emango du, ostegunean, Liverpoolgo (Ingalaterra) The Cavern areto historikoan. Espazio oso esanguratsua da The Cavern, klub horretan eman baitzuen The Beatlesek bere lehenengo kontzertua, 1961eko otsailaren 9an. Hain zuzen ere, emanaldi hartako ikusleen artean zegoen Brian Epstein, berehala laukotearen managerra bilakatuko zena.

Kristonak taldeak 2020an jo behar zuen The Cavernen —orduan Eskean Kristo deitzen zen Arratiako (Bizkaia) boskotea—, baina, pandemiaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuten asmoa. Orain, hiru urte pasatu ostean, «ametsa» biziberrituko dute, taldekideek azaldu dutenez. Galdera ere bota dute prentsara igorritako mezuan: «Gu izango ote gara tenplu historiko honetan euskaraz lehen aldiz abestuko duen taldea?».

Taldeak iaz kaleratu zuen Ahobetehortz diskoa, eta orain kantu berriak grabatuz eta sareratuz joateko asmoa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.