Kristiane Etxaluz euskal ekintzailea elkarrizketatu dute 'Jakin' aldizkarian

Kultura eta politika arloetan egindako ibilbideaz mintzatu da, Amagoia Gurrutxaga Urangak 'Historia bizia' sailean egindako elkarrizketan.

Naiara Elola.
2016ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Kristiane Etxaluz kultura eta politika esparruetako ekintzaile nekaezina elkarrizketatu du Amagoia Gurrutxaga Urangak Jakin aldizkariaren zenbaki berriaren Historia bizia atalean. Dagoeneko kalean da 212. zenbakia. Gai nagusiaz gain, Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanazeta mugaren eraginaz gogoeta egin du Asisko Urmeneta marrazkilariak. Eguzki UrteagaEHUko Soziologia irakasleak, bestalde, euskal errefuxiatuek 1960ko eta 1980ko hamarkadetan Ipar Euskal Herriko bizitzan izan zuten tokia aztertu du.

1941. urtean sortu zen Kristiane Etxaluz, Domintxainen (Zuberoa), Alemania naziaren okupazio garaian. Elkarrizketan esan duenez, nerabe zela hasi zen euskaldun kontzientzia hartzen, eta, unibertsitatean ikasketak egiten ari zela, euskalduntasuna abertzaletasun bilakatu zitzaion. 1960ko hamarkadan, Enbata mugimenduko kide egin zen. Hegoaldetik Ipar Euskal Herrira ihesi joaten hasi ziren errefuxiatuak ezagutu zituen, eta 1965ean atxilotu egin zuten. Iruñeko espetxean preso egon zen. ETArekin lotura izateagatik espetxean sartu zuten Ipar Euskal Herriko lehena izan zen. Espetxetik atera zenean, 1967ko hauteskundeetan parte hartu zuen Enbataren hautagai modura.

Etxaluzena ez da izan soilik militantzia politikoa: kultur arloan ere ibilbide oparoa du. 1968an, esaterako, Matalas antzezlanean aktore gisa aritu zen, eta, urtebete geroago, Ibañeta obrako Otsanda pertsonaiaren rola jokatu zuen. 1978an, euskal errefuxiatuen lanari lotu zitzaion, Ekinen. Han ezagutu zuen Alfonso Etxegarai, 1981ean, errefuxiatua zela. Handik lau urtera, Etxegarai Baionan atxilotu, eta Ekuadorrera deportatu zuten.

Beraz, esan liteke Ipar Euskal Herriko gizarte, kultur, ekonomia eta politika arloan gertatu diren aldaketen lekuko izan dela Etxaluz. Etorkizunari begira ere proiektu bat baino gehiago ditu esku artean. Bat aipatzearren, Abegi fundazioa aipa liteke, tortura jasan dutenek atseden hartu eta osatzeko etxea. Antzerkiari dagokionez, Artedramak ekoitzitako Etxekoak antzezlanarekin dihardu han eta hemen, iragan azarotik.

Iparraldeaz eta Hegoaldeaz

Etxaluzek bere ibilbide oparoan landutako gaien inguruko artikulu bana publikatu dute Asisko Urmenetak eta Eguzki Urteagak, elkarrizketa osatzeko helburuz.Euskal Herria banatzen duen mugak alde bakoitzean bizi diren herritarren artean sortzen duen urruntasun eta ezezagutzaren inguruan hausnartu du Urmenetak bere artikuluan. Izan ere, banaketa edo disfuntzio horrek administrazio eta gizarte harremanetan ez ezik hizkuntzaren eta kulturaren alorretan ere eragiten duela irizten dio marrazkilariak.

Urteagak, berriz, aztertu du zer toki izan zuten euskal errefuxiatuek 1960ko hamarkadatik 1980kora Ipar Euskal Herriko bizitza politiko, sozial eta kulturalean.

Horrez gain, Jakin-en beste artikulugile bat hasi da Kultura atalean: Miren Artetxe. Hala ere, badira ohiko sinadurak zenbaki berrian ere. Iragan urtean bezala, Henrike Galarzak ekonomia gaiak landu ditu bere artikuluan. Soziolinguistikaz aritu da, berriz, Txerra Rodriguez, eta teknologia birtualaz Gorka Julio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.