Begi bat galdu zuen nerabezaroan liburu honetako protagonistak; minbiziz hil zitzaion ama; dibortziatuta dago, eta seme bat dauka; eta, egun, enkarguzko lanak idaztetik ateratzen du aurrera bere bizibidea. Minetik ihesi, idazketan hartzen du babes protagonistak, lagunek Landetan utzi dioten etxe batean. Hamar urte dira Miren Agur Meabek Kristalezko begi bat liburua argitaratu zuela (Susa, 2013), eta, hain justu, liburu hori izango dute mintzagai gaurtik ostegunera bitarte Bilbo Zaharra Forumen. 19:00etan izango dira saio guztiak, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Ondorengo sortzaile hauek izango dira bertan: Uxue Alberdi, Ane Labaka,Nerea Ibarzabal, Ibon Egaña, Jule Goikoetxea, Karmele Jaio eta Unai Elorriaga.
Gaurkoan, bertso saio literario baten bidez hausnartuko dute liburuaren gainean Labaka eta Ibarzabal bertsolariek, eta Alberdi arituko da gai emaile. Bertsoak eta hizketaldiak tartekatuko dituzte saioan.
Bihar, berriz, Egañak eta Goikoetxeak hitzaldi bana eskainiko dute. Liburuak idazlea sortzen duenean izenburupean, Egañaren konferentzia izango da bietan aurrena. Goikoetxea abiatuko da haren ondotik, Kristalezko begi bat, kristalezko begirada bi eta protesi kultural ugari izendatu duen hizketaldiarekin.
Irakurketa publikoa
Ostegunean amaituko da egitaraua, Jaioren eta Elorriagaren mintzaldiekin. Jaiok eskainiko du lehendabizikoa, Meaberen kristaletik begira izenburupean. Elorriagak emango du azken hitzaldia: Miren Agur Meaberen begiradak.
Urtero bezala, gainera, beste hiru eguneko solasaldi ziklobaten ondotik, Kristalezko begi bat liburuaren irakurketa publiko jarraitua egingo dute ekainaren 8an, Bilboko Arriaga antzokian.
'Kristalezko begi bat' liburua izango dute hizpide Bilbo Zaharra Forumen
Meaberen eleberriaren gainean hausnartuko dute. Bertsoak eta hitzaldiak izango dira, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu