Bost urterekin hatzekin musika egitera jolasten hasi zenetik, naturaltasunez eraman du arrakasta Judith Jauregi piano jotzaile donostiarrak (1985). Munichen (Alemania) ikasi zuen, eta Robert Schumann, el arte de lo pequeño diskoa argitaratu berri du. Ibilbide oparoa hasita, Madriletik jaioterrira itzuli da Jauregi, eta lehen aldiz EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin ariko da, Wolfram Christenen zuzendaritzapean.
Vienatar tximistak izena jarri diote programari, Wolfgang Amadeus Mozarten omenez. Piano eta orkestrarako 20. kontzertuak, Txirula Magikoa operaren oberturak eta 39. sinfoniak osatzen dute programa. Atzo Miramongo Matineean parte hartu zuten. Horrez gain, hiru kontzertu emango dituzte: bihar Gasteizen, etzi Iruñean eta asteazkenean Bilbon.
EOSekin joko duzun lehen aldia da; nolako esperientzia izan da?
Etxera bueltatzea da EOSekin batera jotzea. Beti bidaiatzen nabil, eta gutxitan izaten dut hona etortzeko aukera. Kontzertu honetan parte hartzeko aukera benetan eskertzen dut, ni orkestra honekin hazi naiz eta.
Nolakoa da EOSekin joko duzun Mozarten 20. kontzertua?
Aukeratu dudan obra re minorren dago idatzirik, nahiko dramatikoa naizelako. Gainera, Beethovenek oso gogoko zuen soinu hori, eta, beraz, badu nortasuna eta indarra. Dena den,ozartek beti elegante amaitzen ditu obrak. Gainera, burla asko dago, haren ume izaera senti daiteke. Baina obra dramatikoa izanik, gardentasun handiko uneak ditu. Mozartekin, nahiz eta ekaitza etorri, beti ikus daiteke argia.
Wolfram Christenen zuzendaritzapean aritu zara; zer moduz konpondu zarete?
Christenekin lan egiten dudan lehen aldia da, eta oso pozik nago berarekin. Zorte handia izan dut; izan ere, alde batetik, EOSek etxean banintz bezala sentiarazten nau, eta, beste alde batetik, Alemaniako zuzendari baten aginduetara lan egiteak ere irudipen hori sortzen dit, Alemania nire bigarren etxea baita.
Pianoa instrumentu bakartia da. Zer nahiago, orkestrarekin batera jo ala bakardadean aritu?
Denak du bere momentua. Orkestrarekin jotzea oso ederra da, instrumentu guztiek batera egiten dutelako musika. Bakarlariok txip aldaketa egin beharko genuke orkestrekin aritzean. Gorroto dut bakarlari itxurak egitea orkestrarekin aritzean. Eskuzabala izan behar dela uste dut; denok musikaren zerbitzura gaude.
Krisiak eragin al du zure karreran?
Krisiak modu onean eragin dit. Niretzako laguntza izan da, aurrera egiteko aukera eskaini dit. Krisiari esker, musikarien belaunaldiak eraberritu dira, artista handiak kontratatu beharrean, gazteak kontratatzen hasi direlako leku gehienetan, eta hori sekulako aukera izan da guretzat.
Hain gazte izanik, diskoa atera berri duzu eta sari ugari lortu dituzu. Zertan laguntzen du adinak musikan? Zailtasunak jartzen ditu?
Adina esperientziarekin dago lotua. Orain, 26 urterekin, freskuraz eta bizitasunez jo dezaket. Urteak igaro hala, ziur aski baretu egingo da nire estiloa, nahiz eta nortasuna mantendu. Dena den, horrek ez du esan nahi nire adinarekin Brahmsen, Schuberten edo Schumannen piezak jo ezin daitezkenik. Dena den, egia da oraintxe bertan ez nituzkeela landukoSchuberten azken hiru sonatak.
Behin aipatu zenuen norberari helmugak ipintzea hiltzea bezala dela. Zer duzu zuk buruan etorkizunerako?
Ezin zaio ikasteari utzi. Beti gehiago jakin nahi izatea da aurrera egiteko modua. Helmugak ipini bai, baina etengabe berritu behar dira muga horiek. Nire helmugarik garrantzitsuena, hainbeste maite dudan lanbide honekin ahal bezainbeste urtetan jarraitzea da.
Gaztetasuna aipatu dugunez, ba al dago gazteen artera musika klasikoa gerturatzeko modurik?
Beti saiatu naiz musika klasikoak dituen mitoak apurtzen. Nire ustez, musikariok dugu tabuak apurtzeko betebeharra. Nik, adibidez, blog batean idazten dut, jendeak nire esperientziak jarrai ditzan eta musika klasikoaren mundua zertan datzan ezagut dezan. Musikari guztiok emozioak komunikatzen ditugu, hori da gure mezurik garrantzitsuena.
Posible al da perfekziora iristea?
Musikariok bizitza guztian bilatzen dugu perfekzioa, aldez aurretik halakorik lortzea ezinezkoa dela jakin arren. Hori da musikari izatearen alderik zailena eta gogorrena, perfekzioa ez duzula aurkituko onartzea. Dena den, garrantzitsuena da jotzen ari zarena jendeari transmititzea.
Judith Jauregi. Piano jotzailea
«Krisiari esker, belaunaldiak eraberritu, eta musikari gazteei ateak ireki zaizkigu»
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Judith Jauregi piano jotzailea lehen aldiz izango dira elkarrekin, eta 'Vienatar tximistak' programa eskainiko dute Gasteizen, Iruñean eta Bilbon bihartik asteazkenera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu