Ez zen ekitaldi erraza izan Donostiako Zinemaldiarentzat 2009koa. Mikel Olaziregik zuzentzen zuen orduan, eta egun bat gutxiago izatea erabaki zuten; ostegunez hasi beharrean, ostiralez hastea. Gaur egunera arte iraun du erabaki horrek. Krisi ekonomikoak ere izan zuen beste ondoriorik. Zinemaldiaren 57. ekitaldian, Donostia sari bakarra eman zuten —Ian McKellen aktore ingelesari—, nahiz eta jaialdiak urte batzuk zeramatzan bi sari ematen.
Lu Chuan zinemagile txinatarraren City of Life and Death izan zen garaile nagusia, Urrezko Maskorraz gain argazki onenaren saria ere eskuratu baitzuen. Japoniak 1937an Nanjin —orduko behin-behineko hiriburua— okupatu zuenean egindako sarraskia kontatzen zuen filmak, eta kritikaren faboritoetako bat zen Zinemaldiko irabazlea izateko.
Ez bakarra, ordea. Oso harrera beroa izan zuen, bai kritikaren aldetik, bai publikoaren aldetik, El secreto de sus ojos Juan Jose Campanella argentinarrak genero beltzera egindako hurbilketak. Haatik, filmak ez zuen sari bat bera ere eskuratu.
Laurent Cantetek, Bong Joon-Hok, Daniel Gimenez Cachok, John Maddenek, Leonor Silveirak, Pilar Lopez de Ayalak eta Samira Makhmalbafek osatutako epaimahaiak beste film batzuei ikusi zizkien Campanellaren lanari baino dohain gehiago. Hala, zuzendari onenari eman ohi zaion Zilarrezko Maskorra Javier Rebollo espainiarrak jaso zuen La mujer sin piano filmagatik, eta interpretazio onenen sariak Lola Dueñas eta Pablo Pinedarentzat izan ziren, biek Yo, también filmean egindako lanagatik. Bere burua interpretatu zuen Pinedak filmean, lankide batez maitemintzen den eta Downen sindromea duen gaztearen rolean. Beste sari garrantzitsua, Epaimahaiaren Sari Berezia, François Ozonek jaso zuen, Le refuge pelikularengatik.
Nolanahi ere, 57. Zinemaldiak beste protagonista batzuk ere izan zituen; nabarmenenak, Quentin Tarantino eta Brad Pitt. Inglorious Basterds aurkeztera etorri ziren biak Donostiara, eta haien egonaldiak aztoratu egin zuen Zinemaldia. Aktorea agurtzeko, mila lagun baino gehiago elkartu ziren Kursaalaren kanpoaldean, eta prentsaren aurrean eginiko agerraldia ere inoizko jendetsu eta esperpentikoenaizan zen. Horren erakusle, Kill Bill filmean Uma Thurmanek zeraman jantziarekin agertu zen Espainiako telebista kate bateko aurkezlea.
Zinemira, lehen aldiz
Donostiako 57. Zinemaldiak berrikuntza ekarri zion Euskal Herrian egindako ekoizpenari, urte hartan antolatu baitzen aurrenekoz Zinemira saila. Honako film hauek bildu zituen, besteak beste: Zuzendu, mesedez (Juanmi Gutierrez), Ander (Roberto Caston), Sukalde kontuak (Aizpea Goenaga), Itsasoaren alaba (Josu Martinez), La máquina de pintar nubes (Patxo Telleria eta Aitor Mazo) eta Checkpoint Rock (Fermin Muguruza).
Atzera begirakoei dagokienez, batek Richard Brooks zinemagile estatubatuarraren filmografia berreskuratzeko aukera eman zuen, eta besteak, Kontrauhina izenekoak, Frantzian azkeneko urteetan eginiko zinema eman zuen ezagutzera.
Donostiako 67. Zinemaldia
Krisia iritsi zen Zinemaldira
Krisi ekonomikoak Zinemaldiari ere eragin zion 2009an, eta egun bat gutxiago izan zuen. Sari nagusia Txinara joan zen, baina izar nagusiak Quentin Tarantino eta Brad Pitt izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu