Kriminalei beha ilbeltzean

Astelehenetik igandera eginen dute (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea, Baztanen. Aurtengoa 11. edizioa da, eta «enigmaz jositako» programazioa prestatu dute. Aroztegiko auziari ere erreparatuko diote, «halabeharrez».

(H)ilbeltzako kidea, Iruñeko Xabier kalean, aurtengo edizioa aurkeztu aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
(H)ilbeltzako kideak, Iruñeko Xabier kalean, aurtengo edizioa aurkeztu aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko urtarrilaren 18a
04:25
Entzun

Ahots goraz ari direnez, ezin bereizi bi gizonak (h)ilbeltzaz edo ilbeltzaz dabiltzan eztabaidan. Edonola ere, pistola bana dute eskuetan, eta gogoz ari dira elkarri oihuka. «Guztiok dakigu ilbeltza hila dela!», batek aurrena. «(H)ilbeltza bizi da eta biziko da!», sututa besteak. Eta andre bat ere bada tartean: izutu antzean zen hasieran, baina, gizonen arteko liskarrari begira, txoratzeko zorian da orain. Fundamentua jarri nahian bezala, emakumeak serio bota du ohartarazpena: «Baztanen, ilbeltzaren 20tik 26rat eginen dute!». Eta, orduan, kolpez egin dute bat fikzioak eta egiak: astelehenetik igandera, urtarrilaren 20tik 26ra, bizi-bizi izanen da (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea. 

Ohi denez, Bira Produkzioak ekoiztetxeak ondutako ikus-entzunezko batek iragarri du jaialdia. Hain zuzen, haiek sortu dute eztabaidan ari den hirukotearen eszena. Lantaldeko kide Mikel Alvarezek esplikatu gisara, aurten Stanley Donen zuzendariaren Charade filmean (1963) oinarritu dira: jatorrizko lanaren irudiak baliatu dituzte, «artisautza» egin dute haien gainean, eta hiru artista euskalduni eskatu diete ahotsak jartzeko: Olaia Inziartek, Jon Alonsok eta Patxi Larrionek egin dituzte lokuzioak. 

Iruñeko Karrikirin aurkeztu dute bideoa (H)ilbeltzako kideek, eta orduan eman dituzte programazioaren inguruko azken xehetasunak ere. Aurrez, baina, ezin disimulatuzkoa izan zaie poza. «Hiztegiak dio hamar gehi bat 11 dela. Horren arabera, aurtengo (H)ilbeltzak hamar eta batgarren edizioa edukiko du. Hamaika egin ditugula ere esan dezakegu, eta, aldi berean, kopuru hori arras altua dela ere badugu erratea», esan du irribarretsu Alberto Atxak. 2015etik antolatzen dute euskal nobela beltzaren astea, eta, Atxak oroitarazi duenez, urtero erdietsi dute egitasmoaren hasieran izandako mamuak uxatzea: «Hasiera batean gure kezka zen urtero izango ote ziren, adibidez, nobela beltzak aurkezteko, edo izango zen zertaz solastatu; argi dago badela». Eta Maitane Maritorena kideak eman dio errematea esplikazioari: «Motiboak beti ditugu, hamaika». 

«Hasiera batean gure kezka zen urtero izango ote ziren, adibidez, nobela beltzak aurkezteko, edo izango zen zertaz solastatu; argi dago badela»

ALBERTO ATXA(H)ilbeltzako kidea

Kriminalak eta enigmak

Motibazioaren eta euskal kulturak ematen dituen aukeren isla da, hain justu, egitasmoaren aurtengo egitaraua. Iragarri gisara, astelehenean ekinen diote, eta liburu aurkezpen batek zabalduko du bidea: (H)ilbeltza bekaren babesean argitaratutako azken lanaren aurkezpenarekin, ohi denez. Zehazki, Joxan Oiz Arrutiren lehenbiziko nobela beltza da aurkeztuko dutena: Amazurtza. VII. beka irabazi izanari esker plazaratu du lana Txalaparta argitaletxearekin, eta Arizkungo Medikuaren etxean emanen ditu hari buruzko azalpenak, 19:30ean. «Donostian eta karlisten garaian kokatu du istorioa autoreak; giro horretan, nola ez, gerraz ari da, eta, baita ere, hiltzeko izan daitezkeen hamaika arrazoiri buruz», aurreratu du Atxak.

Jaialdiak asteazkenean izanen du segida: hilaren 22an, Idoia Santamaria itzultzaileak hitzaldi bat emanen du. Bärlach komisarioaren abenturak eta desbenturak jarri diote izena ekitaldiari, eta Anizko Menditarte elkartean eginen dute. Friedrich Durrenmatten idazlearen Epailea eta haren borreroa nobelako protagonista Barlach komisarioari buruz mintzatuko da Santamaria.

Ostegunean, atsedena, eta, ohi denez, zinemari eskainitako tartea ostiralean. Arg(h)itzen dokumentala emanen dute Iruritako gizarte bilgunean, 19:00etan. «Torturari buruzko dokumentala da, Sakanan egina eta, honen bidez, Euskal Herri osora eta mundura nahi genuke zabaldu», onartu du Atxak.

Eta egitaraua lepo beteta emanen dute larunbata. Hain justu, goizean, 11:00etan, eta BERRIAko kazetari Isabel Jaurenak gidaturik, mahai inguru batean solasean ariko dira Edurne Elizondo Nafarroako Hitza-ko kazetaria eta Mikel Elorza abokatua. Hitzaldiaren izenburua, hauxe: Nola sortu kriminal bat (nahi gabe). «Hor zer kontatuko diguten ez dakigu», aitortu du irribarrez Maritorenak, baina badu susmorik: «Izenburuak berak pizten dizkigu galderak: nola sortzen dira kriminalak? Edo, nork eraikitzen ditu? Eta guri hurbil tokatu zaigu azkenaldian kasu bat, eta bada galdera bat: Aroztegiko kanpalekukoak kriminalak ote diren». Haren esanetan, «esku-eskura» dator hitzaldiaren eta auziaren arteko lotura, baita data aldetik ere. Otsailaren 1ean Iruñean eta Aroztegiko auzipetuen alde egitekoa den manifestazioa ekarri du gogora. Dena dela, espero da Aroztegiaz aparteko beste zenbait auzi ere izatea hizpide solasaldian: iradoki dutenez, akorduan dituzte Itoizkoa, intsumisoena, edota AHTarena ere, adibidez. 

«Nola sortzen dira kriminalak? Edo, nork eraikitzen ditu? Guri hurbil tokatu zaigu azkenaldian kasu bat, eta bada galdera bat ere: Aroztegiko kanpalekukoak kriminalak ote diren»

MAITANE MARITORENA (H)ilbeltzako kidea

Mahai inguruaren ondotik, bazkaltzeko tartea: Erratzun antolatu dute otordua —antolatzaileek jakinarazi dute txartelak bukatzear direla jadanik—. Eta, bazkalondoan, literaturaren txanda izanen da atzera ere (H)ilbeltzan. Erratzun bertan, bi liburu aurkeztuko dituzte: Izaskun Gracia Quintanaren lehenbiziko euskarazko nobela —Basokoa (Alberdania, 2024)—, eta Iñaki Petxarromanen Lehendakariaren alaba thriller kutsuko eleberria (Elkar, 2024).

Argitu beharrekoak

Antolatzaileek iradoki gisan, eguna gautzean dira misterioak zirraragarrien, eta, hain zuzen ere, orduantxe, larunbateko iluntzean ekinen diote susmagarrien gauaren jolasari. Ilargipeko enigmak jarri diote aurtengo aldian, eta honela esplikatu du haren oinarria Maritorenak: «Lauzpabost talde egin, eta enigmak argitu beharko dituzte, gauzak asmatzen joan; aurten, Erratzuko tabernetan barna».

Igandean, astea bukatzearekin batera izanen du akabera (H)ilbeltzak. Goizez, 11:00etatik aurrera, itzuli beltza eginen dute Azpilikuetan; aurten, Atxaren arabera, Xarlotako Axeriri omenaldia eginen diote, Azpilikuetako herritarrek hala nahita. Atxa: «Nonbait, orain dela berrogei urte Baztanen arras ezaguna zen Axeri errotazaina desagertu omen zen, eta harentzakoa da omenaldia. Eta sorpresak izanen dira». Gainera, arratsaldean, Odola kantari. Euskal kantugintzaren tragepedia izeneko musika ikuskizuna eskainiko dute Unai Elorriagak eta Josu Aurrekoetxeak. Arizkunenean ariko dira, 19:00etan hasita, eta, hara non, harako ere ohartarazpena egin du Atxak: «Hor ere, ustekabeak izanen dira».

(H)ILBELTZA BEKA

Dagoeneko zabaldua da (H)ilbeltza bekaren IX. deialdia —Txalaparta argitaletxeak, Baztango Udalak eta (H)ilbeltzak antolatzen dute elkarlanean—. Txandaka, sormen lanak eta itzulpen lanak saritzen dituzte, Txalapartarekin argitaratu daitezen, eta 2025ekoa sormenari loturikoa da. Parte hartu nahi dutenek martxoaren 14ra arteko epea dute laginak bidaltzeko, eta ordainsaria 6.000 eurokoa da. Iazko deialdian Amaia Apalauza itzultzailea izan zen garaile, eta Nuria Cadenes idazlearen Guillem euskaratzen ari da egun. 2026ko (H)ilbeltzan aurkeztuko dute hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.