Krimen literaturaren bideak ikertzen dituen liburu bat atera du EHUk

'Egungo euskal krimen literatura' saiakerak azken hamarkadetako polizia literaturaren «azterketa zabala» dakar; Laida taldeak egin du

Jose Manuel Lopez Gaseni, Jon Kortazar eta Stewart King, liburua aurkezteko agerraldian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
Donostia
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
EHUko Laida ikerketa taldeak Egungo euskal krimen literatura izeneko liburua argitaratu du.Jose Manuel Lopez Gaseni da proiektuaren koordinatzailea, eta euskal literaturako «autore esanguratsuen» polizia literaturako obrak aztertu ditu lan horretan, Jon Kortazarren gidaritzapean.

Donostiako Udal Liburutegi Nagusian egin dute aurkezpen agerraldia, eta, hartan, liburu horren inguruko nondik norakoak azaldu dituzte egitasmoaren bi sustatzaileek.

Egungo euskal krimen literatura saiakera bat da, Egungo Euskal Literatura sailean argitaratua, eta atalka antolatuta dago. Euskarazko dozena bat idazleren ekarpenak dakartza, hala nola Ur Apalategi, Itxaro Borda, Jon Alonso, Harkaitz Cano, Jon Arretxe eta Ramon Saizarbitoriarenak, baina gaztelaniaz idatzi duten bi egilerenak ere bai: Dolores Redondo eta Ramiro Pinilla. Horiekin batera, landu dituzten liburuen azalak ere «sakonki» arakatu dituzte, «generoaren erabilera didaktikoaren azterketa» egiteaz batera.

Bidenabar, Stewart King aditu australiarraren ingelesezko epilogoa ere bildu dute, «mundu mailan literatur generoa aztertu duen ikerlaria baita».

Generoaren sorrerari arreta

Lopez Gasenik argitu du generoaren jatorriak «hiru fase adierazgarri» dituela. Batetik, XIX. mendean abiatutako «alorraren sorrera modernoa» eta Edgar Allan Poeren lana izan ditu gogoan; bestetik, Arthur Conan Doyle, XIX. eta XX. mendeetan «generoaren zutabea»izandakoa. Gainera, Agatha Christiez ere mintzatu da: krimen literaturaren «gailurra» harrapatu zuen, haren hitzetan.

Liburuaren gaiari helduta, Kortazarrek azaldu du polizia literatura dela egun «gehien irakurtzen den generoa», eta landu dituzten egileei sumatu dizkien bi gako literarioak zeintzuk diren esan du: «krimen baten istorioa» eta «istorio horren inguruko ikerketa».

Sarrera gisa, «polizia generoaren nazioarteko ikuspegi sistemikoa» agertzen duen atal bat osatu dute liburuan. Hor antzematen da zein den obran parte hartu duten egileen arteko «bereizketa nagusia»: «Badira genero hori bere hartan landu duten idazleak, esate baterako, Jon Arretxe eta Itxaro Borda, baina baita generoa ukitu besterik egin ez dutenak ere, besteak beste, Aingeru Epaltza, Ramon Saizarbitoria eta Harkaitz Cano». Nolanahi dela, denak ala denak «zeharo baliagarriak» direla azpimarratu dute liburuaren bi koordinatzaileek.

Egile askok osatutako egitasmoa izanik, proiektuaren kudeaketaz galdetuta, Lopez Gasenik adierazi du parte hartu duten guztiek«askatasun osoz» lan egin dutela, eta «nahi izan dituzten idazleak» aztertu dituztela. Koordinazio prozesua, beraz, «erraza eta naturala» izan da.

Amaieran, Stewart Kingek hitz egin du, bideokonferentziaz. Polizia generoaren «forma narratibo transmundialaz» aritu da, eta adierazi du kaleratu berri den liburuak «egundoko gaitasuna» duela jatorri askotako idazleak elkarren artean lotzeko. Era berean, «proiektuan parte hartzeaz harro» dagoela esan du, eta «komunitate baten zati» bihurtu den sentipena duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.