Ba al dago, argitaratu zenetik ehun urte baino gehiago bete diren honetan, gizartearen sekularizazio prozesuaren ostean, biztanleria nabarmen hiritartu eta gero, behin Lehen Mundu Gerra eta Bigarren Mundu Gerra pasatu ondoren, sobietar iraultzaren, Francoren, deskolonizazioen eta blokeen gerraren amaieraren ostean, gizakiak Ilargia zapaldu eta gero, ETAren, sexu askapenerako mugimenduaren, feminismoaren, queer teorien, euskara batuaren, autonomien eta, are, baita industrializaziotik Guggenheim efekturainoko jauziaren ondoren ere, ba al dago Txomin Agirre idazle eta apaizaren 1906ko Kresala eleberri klasikoa begirada garaikidez irakurtzerik? Erantzun horren bila antolatu ditu Bilboko Bilbo Zaharra euskaltegiak aurten Bilbo Zaharra Forum jardunaldiak.
Agirreren liburuaz hizketan arituko dira astelehenetik asteazkenera bitarte Beñat Sarasola, Belen Altuna, Bernardo Atxaga, Leire Bilbao, Miren Agur Meabe eta Ana Urkiza, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan; ekainean, beste hiru eguneko solasaldi ziklo baten ostean, Kresala-ren irakurketa publiko jarraitua egingo dute, Bilboko Arriaga antzokian.
«Pretentsioa eduki dugu jakiteko ea oraingo sortzaileei Txomin Agirrek zer esaten dien», zehaztu du Pedro Alberdik, Bilbo Zaharra euskaltegiko irakasle eta jardunaldien zein Klasikoen Irakurketa Jarraitua egitasmoaren bultzatzaileak. «Galdera da gure historiako ikono honek gaur egun zer esaten digun: munduak eman dituen bira guztien ondoren, zer sentitzen dugu haren lana irakurtzean?».
Klasikoetara itzultzeko asmoa ere badago erabakiaren atzean, Alberdik onartu duenez. Izan ere, Pedro Agerre Axular idazlearen Gero liburuaren irakurketa publikoarekin abiatu zuten klasikoen irakurketen egitasmoa 2007an, baina, Alberdik dioenez, azken hamarkadetako euskal literaturara egin zuten jauzi berehala. «Klasiko askorik ere ez daukagula da egia, eta azkar-azkar etorri behar izan dugu XX. mendera».
Itxaro Bordaren 100% Basque landu zuten iaz, Gabriel Arestiren Harri eta herri 2015ean, Bernardo Atxagaren Obabakoak 2013an... Horiek, besteak beste, eta horregatik Kresala-ren hautua orain. Klasikoetara itzultzeko.
Agirrek Arraondo izeneko fikziozko herrian kokatu zuen kontakizuna, eta Ondarroako arrantzaleen mundua kontatu zuen eleberrian. Bizia da idazlearen luma, eta, euskal literaturako aditu guztien hitzetan, idazleak mugarria ezarri zuen nobela horrekin euskal letren historian.
Kresala-rekin batera, nekazari munduari eskainitako Garoa eleberria ere aipatzen dute adituek Agirreren lanik onenen artean, baina lehena hautatu dute irakurketarako. Alberdi: «Bizkaian egiten ditugu saioak, eta Kresala bizkaieraz dago idatzita. Gainera, bizkaieraz apenas dagoen klasikorik bestela ere».
Beñat Sarasola idazle eta literatura doktoreak eta Belen Altuna filosofia doktoreak abiatuko dute hitzaldi zikloa, astelehenean. Agirreren liburuko hitzaurrea oinarri hartuta, Sarasolak liburuak eskaintzen duen literatura begirada aztertuko du, eta Altunak, berriz, liburua idatzi zen garaiko ideologia aztertuko du.
Ikuspegi kritikoa
Asteartean Bernardo Atxaga idazleak emango du hitzaldia, eta Agirreren lanak pizten dizkion gogoeta pertsonalak kontatuko ditu. Alberdik aurreratu duenez, idazleak ikuspegi aski kritikoa eskainiko du.
Asteazkeneko saioan, geografikoa bezain literarioa izango da Agirreren lanari buruzko hurbilpena. Ondarroako bizmodua da Agirreren nobelaren ardatz nagusia, eta inguru horretako hiru idazle arituko dira hizketan: Leire Bilbao eta Ana Urkiza ondarroarrak eta Miren Agur Meabe lekeitiarra. Kresalaren sundan izena eman diote saioari.
Alberdiri ideia gustatu, eta jardunaldi osoari ere izen hori jarri diote.
EGITARAUA
Hitzaldi guztiak Euskaltzaindiaren egoitza nagusian egingo dira, Bilbon, 19:00etan.
Astelehena. Beñat Sarasola Literatura konparatuan doktorearen, eta Belen Altuna Filosofian doktorearen hitzaldiak.
Asteartea. Bernardo Atxaga idazlearen hitzaldia.
Asteazkena. Leire Bilbao, Miren Agur Meabe eta Ana Urkiza idazleen hitzaldia.
'Kresala' nola irakurri
Egungo idazleek Txomin Agirreren 'Kresala' klasikoarekin duten harremana aztertuko dute Bilbon, Bilbo Zaharra Forum jardunaldietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu