euskadiko orkestra
Zuzendaria: Alexandre Bloch. Pianoa: Denis Kozhukhin. Egitaraua: J. Brahmsen 1. kontzertua piano eta orkestrarako, op. 15 eta A. Dvoraken 6. sinfonia, op. 60. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: urtarrilaren 13a.
Badakigu Schumann-Wieck bikotea funtsezkoa izan zela Brahmsen ibilbide emozional zein musikalean. Roberten osasun mentala, jakina denez, ez zen batere ona: ahotsak entzuten zituen; La nota eta musika bitxia buruan zeuzkan une oro; aingeruen irudipenak amesgaizto bihurtu zitzaizkion. Hark bere burua ibaira bota ondoren, Brahms segituan joan zen Clara kontsolatu eta sostengatzera, eta orduantxe hasi ziren bere bizitza baldintzatuko zuten bi grinak: Clararekin ehundu zuen harreman estua eta konposizioa. Bi pianorako sonata idazten hasi zen, baina, antza, bi piano ez ziren nahikoa Brahms gaztearentzat, eta sinfonia bati ekin zion, gero pianorako kontzertu bilakatu zena.
Bere bi lagunen testigantzari jarraituz, Schumannen suizidio saiakeraren ondorioz izandako lehen erreakzioa omen da kontzertu honen irekiera osatzen duten elementuak: bi tonalitateen arteko gatazka ekaiztsua, melodia liriko eta malenkoniatsua eta, ondoren, episodio bortitza berriro, pianoak orkestraren material hori guztia hartu eta ereserki goxoan aurkeztu baino lehen. Zeinen garbi, sentibera eta ziurra izan zen Kozhukhinen interpretazioa, kontzertuak duen intentsitatean sakon murgilduta eta sekula norabidea galdu gabe. Euskadiko Orkestra trinkoa izan zuen horretan lagun, baita Blochen keinu zabal eta gidaritza zuzena ere. Hala izan zen pasarte indartsuenetan zein Adagio-aren samurtasunean, Brahmsen hitzetan zeina Clararen «erretratu maitekorra» omen dena. Kozhukhin hor ere beti doi eta espresioz betea.
Penaz ez dut esango, baina sentsazioa izan nuen Brahmsen kontzertuaren bizitasunak utzitako zirrarak Dvoraken sinfoniaren distira ia opaku bihurtu zuela, eta ez orkestraren edo zuzendariaren inolako gabeziengatik. Ostera, proposamena ia orbangabea izan zen. Akaso, uneren batean Blochen keinuen energia eta musikarien jarduna ez zetozen bat, baina horrek ez zuen emaitzan eragin nabarmenik izan. Dvorak, hortaz, oso ondo, baina ezin Brahmsekin parekatu. Horregatik, pare bat esaldi lehenari, eta bi paragrafo handi azkenari.