Umeek irrikaz igo dituzte Olaeta ballet akademiarako eskailerak. Atea jo eta jo ibili ondoren, ordea, ez dute erantzunik jaso. Zain daude, eta ume gehiago batzen doazkie, baina ateak itxita segitzen du, eta ez da gehiago zabalduko. «Tristea» da Olaeta: mende bat dantzan dokumentalaren hasiera, Pedro Olea zuzendariak onartu duenez. Filmak Olaeta ballet konpainiaren ehun urteko historia kontatzen du, baina bukaeratik hasten da justu, Victor Olaetaren heriotzaren ondotiko garaian. Harekin batera hil da aitak sortutako konpainia, alferrik dabiltza deika haurrak. Alabaina, Segundo Olaetaren «espirituak» beste dantza talde batzuetan jarraitzen duela uste du zinemagileak, eta, gainera, konpainiaren urte oparoek aise eman dute Oleak estreinatu berri duen «omenaldia» egiteko.
Dokumentalean agertzen diren elkarrizketa gehienak orain dela hamar urte inguru grabatu zituen, baina, hainbat arazo tarteko, 2021a hasi berritan estreinatu ahal izan du ekoizpena, Segundo Olaeta «interesgarri eta zoragarria» gehiago ezagutarazi behar zuela tematuta. Hark eta haren familiak «ETBn telesail bat izan beharko lukete», zuzendariaren iritziz, baina, aldiz, gaur-gaurkoz ez dute merezitako aitortzarik jaso, Oleak dioenez. «Bilbon Olaeta kalea dago; zeozer aitortu zaie, baina orokorrean, ez Segundori zehazki». Bere gain hartu du, hein batean, memoria lan hori, eta, nahiz eta Segundoren inguruko dokumentazioa «eskasena» izan, ahizpak «nola edo hala errekonozituak» izan direla uste du zinemagileak. «Gehiago izan daitezen nahiko nuke».
Olaeta konpainiaren ernamuina ikerketa lan bat izan zen. Segundok «bat-batean erabaki zuen bere bokazioa zela herriz herri ibiltzea elizpeko eta jaietako dantzak eta adierazpen artistikoak ezagutzeko, nazioarteko ballet bat sor zezakeen ustearekin». Jasotako eduki guztiari antzerki arloko elementuak erantsi zizkion, hala nola jantziak eta dekoratuak, eta «gaur egun ballet euskaldun gisa ezagutzen dena» asmatu zuen. Elai-alai izeneko akademia sortu zuen, eta bildutako ezagutza seme-alabei transmititu zien, batez ere Victorri.
Dokumentalak Olaetak egindako ekarpenak ditu ardatz, eta haiek aletzeko Jose Antonio Arana Martijaren adierazpenez baliatu da Olea, nagusiki. Baina, horrez gain, garai hartako egoera soziopolitikoak ere ezinbestean blaitu du ekoizpena. Izan ere, olaetarrek 1937ko Gernikako (Bizkaia) bonbardaketa bizi izan zuten, eta, ondoren, Iparraldera ihes egin behar izan zuten, ezarritako heriotza zigorra barkatu ziotenean Segundori. Pasarte horiek lekukoek beraiek kontatzen dituzte, Javier eta Lourdes anai-arrebek, filmean agertzen den Olaetaren hirugarren alaba, Miren Tere, Miarritzen jaio baitzen; erbestean, alegia.
Gernikatik kanpo euskal dantzei nazioarteko oihartzuna emateko abagunea izan zuen Olaetak.Akademia Miarritzen ireki zuen, baina hortik harago ere entzutetsu bilakatu zen konpainia, eta, horren eskutik, baita euskal dantzak ere. «Parisen egon ziren, eta hor ere arrakasta izan zuten. Baina ez zuten soilik Europa mailako ospea lortu, AEBetan ere aritu baitziren». Bereziki euskaldunak zeuden tokira joan zirela dio Oleak, eta, hainbeste joan-etorrirekin, anekdotak ere trumilka batu zituzten, zinemagileak azaldu duenez: «Transatlantiko batean egin zuten ikuskizunean Humphrey Bogartek aurkeztu zituen, eta Lauren Bacallek setazko zapia oparitu zion Miren Tereri».
Hamarkaden ondotik Segundoren lanak utzitako lorratza ere ez da edonolakoa, Oleak azpimarratu duenez: «Hain izan zen garrantzitsua, ezen San Petersburgon, Londresen eta Parisen aritzen diren nazioarteko balletek euskal dantzetako bi pauso erabiltzen baitituzte, haietako bat pas de Basque deitua».
Ekoizpenaren odisea
Segundo Olaetaren bizitza ez da kontatzea merezi duen historia bakarra, Oleak umorez dioenez: «Dokumentalaren ekoizpenak ere beste dokumental bat egiteko ematen du». Izan ere, duela hamar bat urte grabatutako elkarrizketekin ondu du Oleak filma, proiektua hasi eta gutxira ekoiztetxea dirurik gabe geratu baitzen. «Hiruzpalau egunetan Bilbon eta Gernikan filmatu nituen elkarrizketa garrantzitsuenak: batez ere, Arana Martijarena eta Olaeta anai-arrebenak. Dokumentalaren bizkarrezurra egin nuen». Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreorde eta Olaetako dantzaria izandakoarekin ere orduko hartan elkarrizketatu zen.
Filma bertan behera uzteak «min ikaragarria» eragin ziola onartu du Oleak, eta urteak eman zituen grabatutako zinta horiek bilatzen, baina alferrik, ekoiztetxearen hartzekodunen pilaketa antolatu zen arte. Haren iloba eta Altube filmak ekoiztetxeko buru Oihana Oleari eskatu zion grabaketen eskubideak erosteko. «Horrekin kointziditu zuen bat-batean akordatu nintzela Iñaki Azkunak Josune Ariztondo aurkeztu zidanekoaz. Bizkaiko Aldundiko Kultur diputatua zen garai hartan, eta esan zidan Olaetaren dokumentalaren eskubideak erosi zituztela».
Aldundiak Bilbon duen «altxor kobara» joan zen, Ariztondok zioena hala zen egiaztatzeko. «Indiana Jones bezala aritu» ondoren, edukia topatu eta Altube filmak ekoiztetxeak grabaketen eskubideak erosi zizkion aldundiari. «Ezin ziren elkarrizketak berriro filmatu, Arana Martija eta Javier Olaeta hilda zeudelako, eta Lourdesek eta Miren Tere ahizpek hamar urte gehiago zituztelako».
Horrenbestez, «zinema trikimailuak» erabili zituen, batez ere Gernikako bonbardaketarena kontatzeko. Javier eta Lourdes erasoa bizi izan zuten zulora eramateko asmoa zuen, euren lekukotza bertatik eman zezaten. Hori egin ezinda, Lourdesen ahotsaz eta bere aurreko ekoizpenetan erabilitako Gernikako irudiez baliatu zen gertakaria kontatzeko. Halaber, argazki historikoetara ere jo zuen zuzendariak. «Muntaia oso interesgarri eta liluragarri batean murgildu nintzen. Kanta asko aukeratu ditut, pelikula musikal bat egin nahi nuelako euskal balletaren inguruan».
Azkenean, estreinaldia
2020rako filma bukatua zuen Oleak, baina, pandemiaren ondorioz, are gehiago atzeratu behar izan zuen estreinaldia. Azkenean, urtarrilaren 2an eman ahal izan zuen argitara Bilboko Euskalduna jauregian olaetarren bizitzaren inguruko ekoizpena. Atzerapenak gorabehera, berak imajinatu bezala aurkeztu ahal izan zuen behintzat. «Nik ikuskizun bat egin nahi nuen: Olaetaren itzulera, jendeak jakin zezan zeintzuk ziren. Ez nuen ekitaldi xume bat egiteko asmorik, zinema estreinaldi bat baizik. Bi antzerki lan zuzendu ditut, eta zeozer ulertzen dut».
Ikuskizuna biribiltzeko, dokumentalaren aurretik dantza saio bat ere antolatu nahi zuen, ordu erdi batekoa. Aholku eske joan zitzaion Miren Tere Olaetari: «Galdetu nion gaur egun balleta egiten dutenen artean zein talde dagoen gertuen Olaeta espiritua deitzen dion horretatik». Olaetaren alabak erantzun zion Jone Goirizelaiaren taldeak mantentzen duela haien moldea egun, eta, horrenbestez, haiei egokitu zitzaien ikuskizunari hasiera ematea. Emaitza «arrakastatsua» izan dela nabarmendu du Oleak, sarrerak hiru egun lehenago agortu baitziren. «Bizitzan izan ditudan estreinaldirik hunkigarrienetako bat izan zen, eta hainbat izan ditut. Pozik nago emaitzarekin, baita Lourdes eta Miren Tere ere».
Estreinaldiaz geroztik, dokumentala emateko hainbat proposamen heldu zaizkio, haietako bat Gernikatik, Segundoren sorlekutik. Hala ere, Olaetaren kapitulua «itxi» duela azpimarratu du zuzendariak, eta, orain, «udalei, kultur zinegotziei eta aldundiei» dagokie Segundo ezagutaraztea. «Ea honek balio duen auzo eta herrietako kulturguneetan filma eman dezaten, eta umeek euskal balletari buruz gehiago ikas dezaten eta egitera animatu daitezen. Baina ni ezin naiz ibili beste 10 urtez olaetarrekin».
Kostata burututako dantza
Segundo Olaeta koreografoa hizpide duen dokumental musikala ondu du Pedro Olea zinemagileak: 'Olaeta. Mende bat dantzan'. Arazo ekonomikoak tarteko, hamar urte behar izan ditu bukatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu