«Ni ez naiz heldu neure buruaz beste egiten saiatzeko puntura, baina antzezlanean agertzen ez diren haur horiei gertatutako gauzetako asko niri ere gertatu zaizkit». Adrian de los Ojos konpositore eta musikariak hunkituta eman du bere lekukotza Non dira haurrak? antzezlana aurkezteko prentsaurrekoan. Berez, antzezlanak ez du zehazten zer arazo duen abiapuntuko umeak, Maddi izenekoak, eta zergatik saiatzen den bere buruaz beste egiten, baina sortzaileak zuzenean lotu du umetan koruan abesten zuela jasandako erasoekin. «Testua irakurri nuenean, pentsatu nuen nire bizitza kontatzen zuela».
Ikusi gehiago
De los Ojos sortzaile ezaguna da euskal antzerkigintzan, eta lehenago ere lan egin izan du Jokin Oregi zuzendariarekin. Azaldu duenez, aurrez ere egin izan dute antzezlanetan koru musika baliatzeko saiakeraren bat. Azkenean, ordea, bertan behera geratu izan dira asmo horiek. Orain arte. Eta horregatik ere bada berezia Non dira haurrak? De los Ojosentzat. «Oraingoan koruak kantatuko zuela esan zidan Jokinek [Oregik], eta niretzat are pertsonalagoa bilakatzen du horrek lan hau, nik neuk ere kantatu bainuen koru batean umetan, eta koru horretan jasan bainituen abusuak».
Musikarekin argia sortu nahi izan duela azaldu du. «Nahikoa drama izan dut bizitzan, eta, horregatik, musikaren bidez, argi eta alaitasun pixka bat txertatu nahi izan diot musikari, Miren Agur Meabek idatzitako hitz ezin ederrago horien laguntzarekin».