Ostegunetik larunbatera egingo dute Gasteizen Korterraza film laburren jaialdiaren hamabosgarren aldia. Orotara, 35 film labur eskainiko dituzte, doan. Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoaren barruko plazan izango dira emanaldiak. Hiru saiotan ikusi ahalko dira pelikulak, 22:00etan hasita.
Gaur aurkeztu dute jaialdia, eta Xabi Vitoria zuzendariak azpimarratu du «maila handikoak» izango direla eskainiko dituzten filmak. Sail Ofizialean hurrengo pelikulak ikusgai izango dira: Pathos (Andrea Nocedak zuzenduta); Europa (Ekain Irigoien), La gran obra (Alex Lora); La compañía (Jose Maria Flores); Tumbas vecinas (Jose Antonio Gutierrez Bustos); Malegro verte (Null Garcia); Colorado (Sandra Gallego eta Pilar Gomez); El aprendiz (Raul Campos); La ley del más fuerte (Raul Monge); Pequeño (Alvaro G.Company eta Meka Ribera); Hado (Rubi Rock) eta Betiko gaua (Eneko Sagardoi).
Parte hartuko duten film laburrek hamar sari irabazteko aukera izango dute; guztira, 8.000 euro inguru banatuko dituzte sarietan. Elena Lombao aktoreak eta Koldo Uriarte musikari eta konpositore arabarrak osatuko dute epaimahaia. Publikoak ere bi sari banatuko ditu: Laboral Kutxa-Publikoaren Saria eta Sensibiliza Saria. Joan den ostiralean zendutako Txema Blasco aktorea omenduko du jaialdiak, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Haurrentzako atal bat ere izango du festibalak: ostiralean izango da, 19:00etan hasita, eta zortzi film lehiatuko dira. Aurretik, Ane Gebara ipuin kontalariak emanaldia eskainiko du, euskaraz. Hiriburura ez ezik, Korterrazak Arabako bazter guztietara ere eramango ditu film laburrak, irail arte.
Film laburrez gain, zazpi kontzertu ere eskainiko dituzte jaialdiaren barruan: Trikoma, Belako, Calizo, Combo Paradiso, Mondo Infiel, Niña Coyote eta Chico Tornado, eta The Steepwater Band ariko dira. Artium Museoaren kanpoaldean eta Falerinako lorategian izango dira emanaldiak, doan.