Koreografia erakustaldi bat

Dantzan Bilaka programari esker sortutako lanak Artium museoan erakutsiko dituzte asteburuan

Parte hartzaileek astebeteko egonaldi bat egin zuten Azala gunean, iragan maiatzean. DANTZAN BILAKA.
aitor biain
Gasteiz
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Dantzan Bilaka «etengabe aldatzen» ari den egitasmoa izanagatik ere, bere helburu nagusiei eusten die: dantzarako gune bat zabaltzea, esperientziak alderatzea eta sorkuntza lan koreografikoen prozesuak partekatzea. ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak koordinatu eta Eusko Jaurlaritzak babesten duen egitasmoak hamabosgarren aldia du aurten; orotara, bederatzi artistak hartu dute parte, eta, urtero egin bezala, hainbat hilabetez landutako proposamen artistikoak jendaurrean erakutsiko dituzte. Gasteizko Artium museoan egingo dituzte koreografia horiek erakusteko ekitaldiak, bihartik igandera bitarte.

Dantzan Bilaka programa 2007an sortu zuten, Euskal Herriko koreografia jarduna sustatzeko asmoarekin, eta 2015az geroztik ADDE elkartea arduratzen da egitasmoa kudeatzeaz. Programa berrituz joan da urtetik urtera, baina aurten bereziki «aldaketa garrantzitsuak» izan ditu, Ibon Salvador programako batzorde artistikoko kideak jakinarazi duenez. Izan ere, programaren arduradunek gogoeta prozesu bat jarri zuten martxan orain urte batzuk, programaren helburuei beste buelta bat emateko asmoz, eta prozesu horren ondorio dira aldaketak, hain zuzen. Bada, aurtengo berrikuntza nagusia zera da: orain arte ez bezala, diru laguntza jasotzen dutenek aurrerantzean derrigorrez parte hartu beharko dute programako ekintza guztietan.

Aurten, esaterako, astebeteko bi egonaldi egin dituzte parte hartzaileek: Artium museoan bata, eta Azala sormen gunean bestea. Bi aste horietan, besteak beste, Ion Munduateren Play, Work eta Sport eta Carol Mendoçaren El lenguaje de los pajaros tailerrak izan dituzte. Horrez gainera, Dantzan Bilakako batzorde artistikoko kideen laguntza jasotzeko aukera ere eskaini zaie lehen aldiz parte hartzaileei, baita entseguak egiteko gune bat ere. «Batzordearen ustez, aldaketa horiek oso garrantzitsuak izan dira; balorazio positiboa egiten dugu. Izan ere, gure ustez parte hartzaileei aukera eman die elkar ezagutzeko eta sormen prozesuan gehiago sakontzeko. Gainera, are gehiago hurbildu dute programa bere helburuetara», nabarmendu du Salvadorrek.

Hamabost urteko bidean dozenaka dantzari eta koreografok parte hartu dute Dantzan Bilaka programan, eta beste hainbat proposamen artistiko sortu dira egitasmoari esker. Bada, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko arduradunak parte hartzaileen eta antolatzaileen lana goraipatu du: «Sekulako lana egin dute». Eta gogorarazi du ekitaldietan edukiera %100 izango dela. Hain zuzen, jarduera guztietarako sarrera doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharko da [email protected] helbidera idatzita.

Askotariko proposamenak

Denera, bederatzi sortzailez osatutako zazpi proposamen artistiko erakutsiko dituzte: Oihana Altuberen Somaturgiak, Leire Aranberriren Loose Lop, Rafa Arenasen eta Idoia Rodriguezen Henko, Lorea Burgeren eta Hannah Parsonen Ritual, Denis Martinezen 365, DPVillanuevaren `posibles-stayingalive #1´, eta Oihana Vesgaren Altzoan altzoan esaten dit. Formatu eta dinamika askotarikoak dituzte lan horiek guztiek; sortu berriak dira batzuk, eta garatze prozesuan daude beste batzuk.

Bidegurutze horretan dago, esate baterako, Vesgaren sorkuntza lana. «Nik neuk ere ez dakit oraindik amaituta dagoen edo ez», adierazi du. «Prozesu honen parte izanik, adar berri batzuk ikusten dizkiot, eta gustatuko litzaidake lanean jarraitzea. Baina sentitzen dut zerbait egin behar dudala orain, ostiralean, eta gero ikusiko dut jarraitu edo ez». Bakarkako lana da Altzoan altzoan esaten dit, eta desiraren eta plazeraren artean murgiltzen da artista. «Gorputza-subjektu-objektu, eta emakumea-subjektu-objektu kontzeptuetan barneratu naiz; elkarrizketa moduko bat eduki nahi izan dut elkarren artean». Partitura moduan planteatu du pieza, eta ariketa edo egote ezberdinetan barneratzen da artista, zeinetan mugimendua eta ahotsa lantzen dituen.

Konfinamendu garaian piztu zitzaion proiektuaren lehen gogoeta Vesgari, eta Dantzan Bilaka programari esker garatu du koreografia proposamena gero. «Esperientzia guztiz positiboa eta aberasgarria izan da, eta uste dut bereziki izan dela aurten programak eduki duen egituragatik», nabarmendu du artistak.

Proposamen artistikoen aurkezpenez gain, tailerrak ere izango dira. Hain zuzen ere, Oihana Altubek Somaturgiak izeneko tailerra eskainiko du egunero, ordu eta leku berean (17:15ean, Artiumeko Plaza aretoan). Igandean emango diote amaiera jardunaldiei, artisten eta ikusleen arteko topaketa batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.