Txistularia

Garikoitz Mendizabal: «Korearrek txistuaren antzekoa den flauta bat dute, baina ez da musika klasikoarekin nahasten»

Mendizabalek Hego Korean txistu emanaldi bat eskainiko du, bihar, Seongnameko Orkestra Sinfonikoarekin batera.

Garikoitz Mendizabal txistularia, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Garikoitz Mendizabal txistularia, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Hego Korea
2024ko abuztuaren 29a
05:00
Entzun

Euskal Herritik ia hamar mila kilometrora, txistuak bat egingo du musika klasikoarekin. Hego Koreako Seongnam hirian, Garikoitz Mendizabal (Zestoa, 1973) txistulariak ezagutaraziko du haize instrumentua. Duela hamar urte, Asiako herrialde horretan bost kontzertu eman zituen, Tolosako udal txistulari bandarekin batera; baina oraingo honetan, Seongnameko Orkestra Sinfonikoarekin arituko da, txistulari bakarlari gisa. Nanse Gumen zuzendaritzapean, Gutizia proiektuko bi obra interpretatuko ditu.

Zer dela-eta txistu emanaldi hau Hego Korean?

Orain dela hamar urte bost kontzertu eskaini genituen Hego Korean. Emanaldi horiek Unai Urretxok antolatu zituen, herrialdean bertan bizi den tronboi jotzaile eta orkestra zuzendariak. Berak eskaini dit, oraingo honetan ere, emanaldi hau egitea. Beste maila bateko orkestra batekin izango naiz, eta zuzendari titularrarekin arituko naiz.

Kontzertuan, zer joko duzu?

Orain bi urte Euskadiko Orkestrarekin grabatu nuen Gutizia disko bikoitzeko bi obra entzungo ditu jendeak. Batetik, Karibu Peponi izango da. Javier Martinez Campos konpositore gazteak sortutako obra horrek Kenyako tribu batean oinarritutako erritmo afrikarrak lantzen ditu; baina, noski, protagonista txistua izango da. Bestetik, Hora Staccato izango da. Grigoras Dinicuk idatzia, doinu errumaniarrak ditu. Ezaguna da, eta biolinarekin, tronpetarekin, eskusoinuarekin... jo izan ohi da, baina inoiz ez txistuarekin.

Txistua ezagutzen dute korearrek?

Galdera zaila da. Mundu globalizatu batean bizi garen arren, Hego Korean ez dute ezagutzen. Orain dela hamar urte etorri nintzenean ere ez zuten ezagutzen. Beraiek badute, ordea, antzekoa den flauta bat. Musika tradizionalean jo ohi da, baina ez da batere nahasten mundu sinfoniko edo klasikoarekin. Horregatik, txistua orkestrarekin jotzen dudanean, harritu egiten dira. Orkestrako musikariei, eta bereziki haize instrumentu jotzaileei, zerbait berria deskubritu dutela iruditzen zaie.

Duela hamar urte herrialde horretan izan zinen. Nolakoa da publikoa?

2014an bost kontzertu eman genituen Hego Korean: bi kontzertu, sinfoniko bakarlari moduan; eta hiru kontzertu, Tolosako txistulari bandarekin. Nirekin izan ziren Iñaki Letamendia eta Jesus Mari Garmendia txistulariak.

Bitxia iruditu zitzaidan jendearen erreakzioa obra amaitzean. Izugarrizko isiltasuna mantentzen dute doinuak irauten duen bitartean; baina emanaldia bukatzean, garrasi agudoak eta txaloak entzuten dira. Hona etorri baino lehen ez nuen inoiz bizi izan halako ezer. Euskal Herrian txalo informalak izaten dira; ez da halako garrasi agudorik. Korearrengandik espero dudana zera da, orain arte atzerrian jo izan dudanetan jaso dudana: emanaldia zerbait desberdina baina kalitatezkoa dela sentitzea; eta, bide batez, txistua ezagutzea.

«Nire helburua da txisturako eta orkestrarako egin dudan lana munduan zabaltzea»

 GARIKOITZ MENDIZABALTxistularia
Zer espero duzu emanaldirako?

Nire helburua da txisturako eta orkestrarako egin dudan lana munduan zabaltzea. Gutizia lana xede horrekin sortu zen. Orain dela hamar bat urte, Bratislavako Orkestra Sinfonikoarekin Txistu Symphonic grabatu nuenean, txisturako idatzita zeuden obra batzuk orkestra sinfoniko batekin jotzeko helburuarekin sortu nuen, besterik ez. Gutizia-k, ordea, txistua orkestrarekin Euskal Herritik kanpo jotzea du helburu.

Bide onetik doa. Otsailean, Quebecen [Kanada] izango naiz Quebeceko Orkestra Sinfonikoarekin; eta ekainean, Herbehereetan, Eindhoven Philips Orkestra Sinfonikoarekin. Horietan ere Gutizia laneko bi lagin eskainiko ditut. Emanaldi gehiago ere izango dira. Bide batez, gainera, euskal kulturaren enbaxadore lanak egingo ditut enbaxadorea, kontsulatukoak eta alkatea etorriko baitira emanaldira.

Beste lanik betetzeko asmorik bai Hego Korean?

Aurtengo udaberrian Bilbon izan zen Seongnameko alkatea. Harekin izan nintzen Bizkaiko hiriburuaren eraldaketaren inguruan hitz egiten. Oraingo honetan, ni izango naiz haren hirian, diplomazialari gisa. Horrez gain, udako oporrak direla-eta, Japonia eta Hego Korea bisitatu ditut. Baina hona etortzeko helburu nagusia kontzertua izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.