Kopla doinuei musika gehituko diete egingo dituzten 'Bat-batean' saioetan

Grabatutako musikei gehituz, Oskar Estangak gitarra jo eta kantatu egingo du beste bertsolari batzuekin

Migel Mari Elosegi Luze, Oskar Estanga eta Jon Martin bertsolariak, Donostian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Musika eta bat-bateko bertsoa elkartuko ditu Oskar Estangak (Gaintza, Gipuzkoa, 1978) Bat-batean izenarekin egingo duen ikuskizunean. Kantatzeko kopla doinuak hartu ditu, bai Euskal Herrikoak eta bai munduko hainbat kulturatakoak ere. «Bertsotan grabatutako musika batekin eta gitarraren laguntzarekin aritzeko prestatu ditut», azaldu du. Besteak beste, samba, tangoa, sona eta reggaea egingo dituzte, baitaGuantanamera eta Kiko Venenok konposaturiko Volando voy abestia ere. «Horiek ohikoak bihurtu dira saio musikatuetan», Estangaren ustez. Horrela, inprobisazio saioa eta musika saio a izango da, aldi berean, emanaldia. Hainbat jenderi egin dio proposamena Estangak, hala nola Aimar Karrika, Jon Martin, Etxahun Lekue eta Migel Mari Elosegi Luze bertsolariei.

«Euskal Herrian bertso musikatuak badauka bere bidea», Estangaren ustez. Hala ere, oraindik «asmatzeko asko» dagoela uste du, «gauza berriak probatzeko eta esperimentatzeko». Beti izan du biak elkartzeko joera erabat naturala. «Lagunartean, bazkarietan eta afarietan, gitarraren laguntzaz, badirudi entzuleari errazago sartzen zaiola. Nire ideia izan da bat-bateko bertso musikatuen saio bat prestatzea. Hori da Bat-batean». Musikan, erritmoak eta tonuak bere garrantzia dauka, haren ustez. «Ezinbestekoak dira. Orduan, bada bertsoak eszenifikatzeko beste modu bat, jendaurrean modu ezberdin batean agertzen garelako».

Egin dituzten probetan ondorioztatu dute saio mota hori oso ongi sartzen zaiola jendeari, Luze bertsolariak azaldu duenez. Musikaren erritmoek garrantzia hartzen dute horrelako saioetan: «Musikarekin denbora bat dago. Badaude lasaiak, biziak, oso biziak ere, egurra ematea eskatzen dutenak, erritmoari eusteko beharrez». Esan duenez, horrelako saioetan jendea «oso gustura» egon da: «Ez bertsozaleak bakarrik, bertsotik urrunxeago dagoen jendea ere bai. Giro berezia sortzen da». Jon Martin bertsolariak ere eman du bere interpretazioa: «Bertsolaritzan lege batzuk daude. Horiez gain, bertso musikatuak baditu beste batzuk. Esaterako, erritmoa sakratua da. Bertsotan zer esan ez dakigunean, isiluneak hobeto eusten dira. Musikarekin hasi egin behar da». Musikak markatzen duen tentsioak sorkuntzari mesede egiten diola uste du Martinek, eta horren esperoan dago. «Zer sortzen den ikusi nahi dut, ez baita produktu itxi bat». Gai-jartzailea jarri ala ez, eta saioaren bestelako xehetasunak lekuan-lekuan erabakiko dituzte.

Datorren barikuan Gallartan (Bizkaia) izango da lehendabiziko Bat-Batean saioa, eta apirilaren 13an Iruñeko Alde Zaharrean egingo dute. Horiez gain, emanaldi gehiago lotzea da euren asmoa. Horretarako, www.lanku.com helbidera jo dezake saio bat antolatzeko interesa daukanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.