begona del teso
Eppur si muove

Kopetaraino Santa Klaus salbatu beharrarekin

2024ko abenduaren 13a
04:30
Entzun

Ari nintzen ni gozo, dar-dar samur batean Edward eta Victor Halperinen 1932ko White Zombie ikusten. Ari nintzen ni poz ilun batean, film hori lehendabizikoa izan zelako zonbiak zinemara ekartzen, Tourneurren I Walked with a Zombie baino 11 urte lehenago, gurekin dabiltzan Walking Dead horiek baino kasik mende bat aurretik. Ari nintzen ni esnetan pelikulan, zuri-beltz eder haren zilarrezko lanbroaren artean, irauten baitituzte zinemak hitzik ez zuen garaiko arrastoek. Ari nintzen ni aparretan, Bela Lugosi bera baita arimarik gabeko izaki horien jabe misteriotsua. Ari nintzen ni pantailatik at bide zegoen munduaz ahazturik. Ari nintzen ni etxeko leihoetatik sartzen saiatzen zen ekaitzaren orroek eta orroetan kulunkaturik. Ari nintzen ni ilunabar aldeko zorionez blai….

Derrepentan, baina, hautsi zitzaidan barruko bozkario goibel deliziosoa. Antzeman nituen alarma-abisuak, alarma-tonuak, alarma-keinadak. Bidasoko bi aldeetatik zetozela ikusteak harritu eta arduratu ninduen. Are gehiago Bidasoko bi aldeetako zinema aretoetatik iristen zirela ohartzeak. Okerrena irudikatu nuen. Hondamendia. Hekatonbea. Igual jendeak zinemara joateari utzi ziola irudikatu nuen. Pentsatu nuen igual Emilia Perez inork ez zuela Hegoaldean maite izan. Beldurrak jota, Donibane Lohizuneko Le Selecten ez zutela gehiago La plus précieuse des marchandises ematen imajinatu nuen… Enbatak Maule Baitha gela birrindu zuela ez nuen pentsatu nahi…

Segituan baretu zen, ordea, nire kezka sekulakoa. Ez zen aipaturiko deskalabru horietako bat ere gertatu. Kontua zen berriro ere Santa Klaus salbatu behar genuela. Bai Hegoan bai Iparrean. Penintsulan zein Kontinentean.

Ez dakit zer arraio gertatzen zaion Laponia aldean bizi den kreatura horri baina kopetaraino nauka. Gabonak heldu orduko, endredoetan sartzen da; urtero, zinemak asmaturiko superbilau guztiek nahi dute bahitu, mendeko hartu, giltzapetu eta oparien ordez auskalo zer banatu gizakion artean. Gabonak iristerakoan, gizarte honetako bazterretan ahazturik diren pertsonaia batzuek bere egin behar dute Santa Klaus salbatzeko eta gaiztoek eraginiko kalteak txikiagotzeko lana. Urteetan zehar kontu bera. Urteetan barna antzeko pelikula memeloak.

Kokoteraino nauka egoerak. Asper-asper eginda nauka istorio honek. Gainera, ni ez naiz Santa Klausen ez zale ez miresle. Ezta oraingo Olentzerorena ere —gehiago gustatzen zitzaidan mozkor-mozkor eginda zebilenean, auskalo nori auskalo zer erregalatzen, eta ez egunotako aitona maitekorra, emaztea eta guzti aldean duena—. Ni Orioko San Nikolas patroiari naiz leiala. Baita Aita Noelen arerioa den Krampusen zalea ere. Italiako Befana sorginarena eta jakina, Semper fidelis nauzue Ekialdeko Erregeekiko.

Kokoteraino nauka egoerak. Asper-asper eginda nauka istorio honek. Gainera, ni ez naiz Santa Klausen ez zale ez miresle. Ezta oraingo Olentzerorena ere

Gustatzen zaizkit, bai, Gabonetan kokatzen diren film asko, baina ez preziso gorriz jantzitako aitatxoa protagonista dutenak. Bahitzen badute, bost. Seguru Gru bilauaren Minions beilegi aparta horiek banatuko lituzketela erregaluak, problemarik pe. No problemo, beraz.

A, bide batez, alarma piztu zuten bi filmak Superklaus eta Niko le petit renne Mission Père Noël dira. Nik alarma soinua ezabatuko nuke mugikorretik. Eta, inguruko giro zaratatik libre, Astiberrik duela urte pare bat kaleratu zuen Cuento de Navidad. Una historia de fantasmas leitzeari ekin, bertan Scrooge jauna emakumezkoa baita, amore ematen ez duen emakume bilaua.

'Superklaus' filma
Superklaus filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.